Esan nahiak eta ezinak
Testu bat idaztera nindoan indarkeriaren monopolioa tailerrera eramatearen beharraz, eta garabi eta txatarrero lanen urgentziaren inguruan. Baita ere gehitu nahi nuen eztabaida faltsuen mamuei buruzko zerbait: adibidez, Marisol Garmendia parafraseatuz, «hiri hau beti izan da segurua, baina berriro ere segurua izan dadin [sic], polizia gehiago behar da auzo guztietan».
Kontua da, erredakzioan esan didatela Mozal Legea indarrean dela oraindik [hara, hauteskundeetako beste promesa galdu bat], eta, beraz, gaia beste modu batean lantzea erabaki dut.
Niri asko gustatzen zait udaberria, loreak eta zuhaitzak loratzen direnean, eta belar moztuaren usaina, eta txoriñoen kantuak goiz-alban. Eguzkia, orain, Aiako harrien iparraldetik ateratzen da, eta beraz, nire logelara sartzen da zuzen-zuzenean. Oso pozik jartzen nau horrek, eta espero dut inork ez didala poztasun hori ebatsiko. Egun ederra izan dezala ulertu nahi nauenak.