Puntu bat gehiago txapela janzteko
Realak Betisen zelaian berdinduta, laugarren postua egonkortzeko urratsa egin du arerio zuzen baten aurka.
Mikel Merinok gutxigatik ez zuen gola egin luzapen denboran. (Argazkia: Reala) Zazpi jardunaldi falta dira liga bukatzeko, eta Realak begiz jota du denboraldi bukaerako helburua: Txapeldunen Liga. Horretarako, sailkapeneko laugarren postuari eutsi beharko dio falta diren partidatan nahikoa puntu bilduta. Matematikak zehatzak dira, eta txuri-urdinek badakite zenbat puntu behar dituzten helburua ziurtatzeko. Ordea, atzetik datozen taldeek ere aukerak dituzte. Horiek dira Betis, Vila-real eta Athletic, hurrenez hurren.
Horregatik, urrezkoa da Realak atzo lorturiko puntua Benito Villamarin futbol zelaian, Betisen etxean. Txuri-urdinak hobeak izan ziren lehen zatian, eta andaluziarrak bigarrenean. Beraz, berdinketa justuena izan zela pentsatuko dute askok. Etxekoek aukera garbi gehiago izan zituzten, baina Alex Remiro atezaina adi ibili zen. Realak ere abagune garbia izan zuen 94. minutuan, neurketa bukatzear zenean. Mikel Merinoren jaurtiketa on bat gelditzea lortu zuen Rui Silva Betiseko atezainak. Sari handiegiaren atarian geratu ziren txuri-urdinak, berdinketa bera emaitza paregabea delako.
Esan moduan, zazpi partida geratzen dira Txapeldunen Ligara iristeko. Ostiralean, hilaren 28an, Osasunaren aurka ariko da Reala, Sadar futbol zelaian (21:00). Datorren asteko asteartean, maiatzaren 2an, Real Madril hartuko dute Anoetan (22:00). Azken bost neurketen egunak eta ordutegiak zehaztu gabe daude, baina ondorengoak izango dira txuri-urdinen aurkariak: Girona (etxean), Bartzelona (kanpoan), Almeria (etxean), Atletico Madril (kanpoan) eta Sevilla (etxean). Beraz, aipaturiko partidetatik zenbat puntu bildu behar ditu Realak?


