Bi estreinaldi izango ditu 32. Poltsiko Antzerkiak
Maiatzaren 4tik 21era bitartean egingo dute kultur etxeen sareak antolaturiko 32. Poltsiko Antzerkia jaialdia. Emanaldiak ostegunetik igandera izango dira auzoetako hainbat taberna eta ezohiko espazioetan. Guztira, 15 konpainiek 33 emanaldi eskainiko dituzte 25 espazioetan, horietatik 17 euskaraz izango dira eta 16 gazteleraz. Ikuskizun guztietarako sarrera doan izango da edukiera bete arte.
Formatu txikiko ikuskizunen askotariko proposamenek osatzen dute egitaraua hiriko antzerki programazioa herritarrei eta, batez ere, publiko gazteenari hurbiltzeko helburuarekin. Antzerkia, umorea, magia, mentalismoa, bakarrizketak eta musika izango dira jaialdiaren osagai nagusiak.
Programak bi estreinaldi izango ditu: Antzerki Sorkuntzako lan irabazlea izan den Nomofobikak taldearen Kris eta Krash ile-apaindegia, eta finalista izan den Txikiren Euskaldunen jatorria, historia ta irria. Bestalde, aipatzekoak dira Pepín Treren Verdades como puños, Amélie La Magaren Más magia, Tartean Teatroaren Ez dok Ero (desentxufatua) eta Lo mejor de Jon Zabal lanak.
Jaialdiko azken ostiralean egingo den festan Demode Quarteten EPA umorez betetako ikuskizun musikala eta Albina Stardust & Divina Comediaren Drag Show-a ikuskizunak izango dira.