Emakumezko informatikari erreferenteak sortzeko, hirugarren Gladys Saria abiatu da
Puntueus fundazioak eta EHUko Informatika Fakultateak antolatutako hirugarren Gladys Saria aurkeztu dute. Sariak euskal ingurune digitalean lan egiten duten emakumeen eginkizuna aitortzen du, hauen ibilbidea eta proiekzioa sarituz. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berdintasunerako Organoaren eta Emakunde, Emakumearen Euskal Erakundearen babesarekin, eta Danobatgroup industria taldearen eta EHUko Berdintasun Zuzendaritzaren laguntza du sariak.
Sariak euskal ingurune digitalean lan egiten duten emakumeen eginkizuna aitortzea du helburu, hauen ibilbidea eta proiekzioa sarituz. Honen bidez, “neska gazteak ibilbide teknologikoari ekitera animatzea du helburu, horrela euskal erreferente berriak sortuz”.
Hautagaitza norberak edo erakunde batek proposatu dezake. Azken kasu honetan, hautagaiaren merezimenduak azaldu beharko dituzte hautagaitza aurkeztean. Gladys Sarian izena emateko epea 2023ko ekainaren 20a arte egongo da zabalik www.gladyssaria.eus webgunean.
Aurtengo edizioko sari ekonomikoa iazkoa baino altuagoa izango da, izan ere, iaz irabazleak 3.000 euro jaso zituen, eta 2023ko irabazleak 4.000 saria jasoko du. Horrez gain, irabazleari bere jarduna azaltzen duen bideo laburra grabatuko zaio antolatzaileek gazteen artean zabaltzeko, eta hauekin adostutako eskoletan eta Kaixomundua.eus lehiaketaren sari banaketan hitzaldi motibatzaileak emango ditu.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasuneko zuzendariak, Nerea Isasi Bedayok, Gladys Sariaren garrantzia nabarmentzeaz gain, horrelako egitasmoen beharra azpimarratu du: “Etorkizuneko lanbideetan emakumeen presentzia bermatu behar dugu eta, horretarako, STEM alorreko emakumezko protagonistak bistaratu behar ditugu. Gladys Sariak eremu honetan egin dezakeen ekarpena oso handia da, emakume informatikariek egiten duten lana ezagutzeko aukera ematen digulako eta berritzaileak eta puntakoak diren lanak erakusten dizkigulako. Emakumeek zientzia eta teknologiari lotutako lan eta jakintza esparruetan duten presentziari buelta eman behar diogu, berdintasunean aurrera egiteko”.
Profil ugari sektorean
Puntueuseko Lorea Arakistainek azaldu duenez, “sariak helburu ugari ditu, eta horien artean STEM alorretan profil ugari daudela nabarmentzea da”. Izan ere, sektore hauetan aritzen diren profesionalek, zein Gladys Sarira aurkezten diren emakumeek ere, zeregin oso desberdinak dituzte beraien egunerokoan.
Gladys Saria PuntuEUS Fundazioa eta UPV/EHUko Informatika Fakultateak sortu zuten 2021ean Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berdintasunerako Organoaren, EHUko Berdintasun Zuzendaritzaren eta Danobatgroup industria-taldearen babesarekin. Egiako Gladys del Estal militante ekologistaren (1956-1979) omenez jarri abiatu zuten saria. Ekologismoaren aldeko ikur izateaz gain, del Estal informatikaria eta programatzailea zen, erabat maskulinizatuta zegoen eremua.