Igarotako bidearen kronologia bat

Maiatzaren Lehena borroka eguna dela aldarrikatu du CNTk

cnt0 CNTren manifestazioa, Askatasunaren hiribidetik.Beñat Parra

CNT sindikatua ere kalera atera da Langileen Nazioarteko Egunean, eta Maiatzaren Lehena “borroka eguna” dela aldarrikatu dute. Goizean, martxa egin dute Oreretatik Donostiara, ESK eta Steilas sindikatuekin batera. Eta, eguerdian, CNTk manifestazioa egin du Donostian, 13:00etan Bulebarretik abiatuta.

Erdialdeko eta Groseko kaleak zeharkatu dituzte anarkistek, askotariko aldarriak oihukatuz: Lana banatu, ondasuna banatu; Kapitalismoari hortzak erakutsi; Gora Maiatzaren Lehena; Gaur borroka eguna da eta Borroka kalean, ez Jaurlaritzan, besteak beste.

Horrela, CNTk “ezinbestekotzat” jo du “langile klasearen antolaketa hobe baten alde egitea, industria sektoreetan, sektore feminizatuetan, administrazioak azpikontratatutakoetan eta langile prekarioetan eraginez, besteak beste”. Era berean, soldataren inguruko borroka “aldarrikatu” dute, “inflazioaren azpitik debaluatzen ari baita, erosteko ahalmena galduz”.

cnt

Bulebarretik abiatu da CNTren manifestazioa. (Argazkia: Beñat Parra)

Bestalde, “astean 30 ordutik beherako lanaldia” aldarrikatu dute, “benetako okupazioa sortzeko eta genero arrakala amaitzeko bide praktiko bakar gisa”. “Benetako pentsio sistema publiko unibertsalaren” aldeko apustua ere egin dute, pentsioak pribatizatzea ahalbidetzen duten akordioak salatuz.

Horrez gain, “Atzerritartasun Legea eta mozal legea indargabetzea” eskatzen dute, “denak antzeko moduan jarraitzea ahalbidetzen duten erreforma faltsurik egin gabe, 2021eko Lan Erreformarekin hala gertatu baita”.

cnt1

CNTren manifestazioa, Grosen. (Argazkia: Beñat Parra)

HITZAkide HITZAkide