Etxebizitza Legea ontzat jo dute EAJ eta PP ez beste alderdi guztiek
Legealdiko azken udalbatzarrean, Kaleratzeak Stop, Alokairu Bentaberri eta Azorako Maizterrak eragileen proposamena aurkeztu dute EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak.
Apirilaren 27an onartu zuen Espainiako Diputatuen Kongresuaren gehiengoak Etxebizitza Lege proiektua. Besteak beste, etxebizitza eremu tentsionatuak deklaratzeko eta alokairuen prezioak arautzeko aukera emango du. Lege horren harira, premiazko mozio bat erregistratu zuten atzo EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak, eta Bozeramaileen Batzordeak oniritzia eman ostean, maiatzeko osoko bilkuran eztabaidatu dute.
Donostiako Udalbatza izan da Etxebizitza Legea aplikatzearen inguruan aritu den lehena. Udal talde bakoitzak legeari buruzko iritzia plazaratu du, eta agerian geratu da zeintzuk diren aldekoak eta aurkakoak. EH Bilduk, Elkarrekin Donostiak eta PSE-EEk lege berria babestu dute, eta kontrako jarrera agertu dute EAJk eta PPk.
Legealdiko azken udalbatzarrean, Kaleratzeak Stop, Alokairu Bentaberri eta Azorako Maizterrak eragileen proposamena aurkeztu dute EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak. Honela dio: “Donostiako Udalbatzak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio, Udalak aldez aurretik hala eskatuta, Etxebizitzari buruzko Legean ezarritako baldintzak betetzen dituzten eremu guztiak etxebizitza-eremu tentsionatutzat jotzeko, lege hori indarrean jarri bezain laster, Donostian alokairuaren prezioak kontrolatzeko sistema bat lehenbailehen ezarri ahal izateko”.
EAEko eta Espainiako Etxebizitza Legeen kontra bozkatu arren, jeltzaleek aipaturiko eragileen eskaeraren alde bozkatu dute. Legeak hiriko etxebizitzaren arazoa arintzen lagunduko duela ikusten badute, aintzat hartuko dutela adierazi du Nekane Arzallus Hirigintza zinegotzi jeltzaleak.