Realean jarraituko du magoak
David Silva erdilariak beste urtebete baterako berritu du kontratua Realarekin. Horrela, jokalari kanariarrak 2023-2024 denboraldian ere kamiseta txuri-urdina jantziko du.
Realak bideo berezi batekin iragarri du kontratu berritzea, eta ondorengo hitzak eskaini dizkio: “Bere momenturik onenean, David Silvak gurekin jarraitzea erabaki du. Bere magiarekin gozatzen jarraitzeko pribilegioa izango dugu, Anoetara joaten diren zaleak eserlekuetatik altxatzen dituen magia hori. Bere futbolak taldekideak hobe egiten ditu eta guztion ongizatea hobetzen du. Baina, batez ere, zoriontsuago egiten gaitu. Elastiko txuri-urdinarekin ikustea egunero eta azkeneraino gozatu eta dastatu behar dugun luxua da”.
Magia ez da desagertzen.
— Real Sociedad Fútbol (@RealSociedadEUS) May 4, 2023
𝗠𝗔𝗚𝗢𝗔 𝗴𝘂𝗿𝗲𝗮 𝗱𝗮#Silva2024 | #WeareReal | #AurreraReala pic.twitter.com/upscbHaQIK
Silvak hiru denboraldi daramatza Donostian, eta erabakigarria izan da jokatu dituen partida gehienetan. Are gehiago, hemen dagoenetik talde txuri-urdina urtero sailkatu da Europa ligarako. Aurten, ordea, lorpena koxka bat goragokoa izango dela dirudi. Izan ere, Realak eskura du datorren sasoian Txapeldunen Liga jokatzea. Horretarako, laugarren postua ziurtatu beharko du falta diren bost jardunaldietan.