Gutunak Olentzerori
(Argazkia: Joseba Parron San Sebastian) Olentzerori eta Errege Magoei nola, gutunak idazten dituzte hauteskunde garaian alkategaiek: «Alkate naizenean hau» eta «alkate naizenean bestea». Tentazioa dut tarteka gutun horiek sinistekoa. Mundua ederragoa delakoan magia eta fantasia apur bat gehiagorekin, eta ipurterre izateak lagunduko ez duelakoan.
Baina hilabete hasiera da, eta 770 euro ordaindu berri ditugu pisukideak eta biok. Iaz baino gas gutxiago erabilita ere, iazko kopurua kasik bikoizten duen faktura ere ordaindu dugu. Eta supermerkatu merkeenera joanda ere, olio potea ez da 5 eurotik jaisten, eta kristoren amorrua ematen dit horrek.
Badakit demokraziaren festak funtzionatzea komeni zaizuela batzuei, eta, horretarako, antzerkia beharrezko zaizuela. Baina, sinetsidazue, saiatu arren jada ez dut Olentzerorengan sinistea lortzen.


