Tomasene inguruan aparkaleku bat egiteko prozesua abiatu du udalak
Iazko abenduan onartu zuen udalak Altzako Tomasene Kultur Etxearen ondoan aparkaleku bat eraikitzeko proiektua, eta hori gauzatzeko lanen kontratazio espedientea onartu du orain Tokiko Gobernu Batzordeak. Lizitazioaren aurrekontua 264.312 eurokoa da, eta gauzatzeko epea hamasei astekoa. Eneko Goia alkateak gogorarazi du aparkatzeko arazoak daudela Altzako zona horretan, eta aparkalekuak arazo horiei aurre egitea duela helburu.
Proiektuak aurreikusten du ibilgailu arinentzako aparkaleku bat egitea egungo zelaiaren gainean, inguru naturala lehengoratzeko lanetan egindako zigilatzeak aldatu gabe. Tomasene eraikinaren ondoko espaloiak mantendu egingo dituzte, eta, Altzako kiroldegiaren eremuan, aparkalekurako eta inguruan dauden oinezkoentzako ibilbideetarako sarbidea erraztuko dute. Halaber, aparkalekuk berdeguneak izango ditu, zuhaitzekin, “aparkalekuari itxura atseginagoa emateko”.