Ategorrietako sarraskia oroituko du Kontseilu Sozialistak
Donostiako eta Oarsoaldeko Kontseilu Sozialistek aurten ere ekitaldia antolatuko dute Ategorrietako sarraskia gogoratzeko. Urteurren egunerako ekitaldi politiko bat antolatu dute Trintxerpen, Haien memoria berreskuratuz, sozialismoa eraiki lelopean. Trintxerpeko plazan jarri dute hitzordua hilaren 27an, 12:00etan.
“Gertatutakoa gogora ekarri eta langile haien borrokak gure oroimenean bizirik jarraitzen duela adierazi nahi dugu”, esan dute bi Kontseilu Sozialistetako kideek: “Politika burgesak memoria historikoaz egiten duen erabilerari kontrajarriz, aurreko belaunaldietako langile borrokaren irakaspenak egungo adierazpen praktiko iraultzaileekin lotzeko ardura dugu”. “Historiaren hari gorria ehunduz, prozesu iraultzailea azken muturreraino eramatea izango da eroritako militanteei justizia egiteko berme bakarra”, gaineratu dute.
Aurreko bi urteetan ere egin dituzte sarraski horri loturiko ekitaldiak Kontseilu Sozialistek. Iaz, gainera, liburuxka bat argitaratu zuten, 1931ko gertakariak jasotzen dituena.
Sarraskirik handiena
Pasaiako (Gipuzkoa) arrantzaleek haien lan eta bizi baldintzak hobetzeko jo zuten grebara 1931ko maiatzean, eta Trintxerpetik Donostiara martxa bat egiten ari zirela, Ategorrietako erloju inguruan, tiroz egin zuen haien kontra Guardia Zibilak. Zazpi grebalari erail zituzten poliziek, eta beste 33 zauritu.
IRUTXULOKO HITZA-k gaia sakonki landu zuen 90. urteurrenean. Hemen erreportajea sakonean.


