Donostiako etapa izan da erabakigarriena
Emakumezkoen Itzuliko hirugarren eta azken etapak sailkapen nagusia irauli du. SD Worx taldeak euren nagusitasuna berretsi du.
Pasa den ostiraletik atzora bitarte, emakumezkoen txirrindularitzako goi mailako ziklistek parte hartu dute Euskal Herriko itzulian. Eika-Etxeberrian hasi zen, eta Donostian bukatu zen atzo. Hain zuzen ere, hirugarren eta azken etapa Donostian hasi eta bukatu zen. Marlen Reusser suitzarrak irabazi zuen etapa eta sailkapen nagusia. Izan ere, azken kilometroetan jotako erasoa erabakigarria izan zen harentzat. Demi Vollering SD Worx taldekide eta liderraren oniritziarekin, Reusserrek besoak altxa zituen Bulebarreko helmugan.
Etapak denetarik izan zuen. Jaizkibel igo ondoren, indartsuenek aurrera egin zuten, Igeldoko Murgil mendatera iritsi bitarte. Tantaka atzean geratu ziren batzuk, eta beste batzuk jo zuten aurrera. Annemiek Van Vleutenek jo zuen erasoa maldarik gogorrenean, eta aise eutsi zion Vollering lasterketako liderrak. Besteak ez ziren aparte, eta Usurbilera bidean harrapatu zituzten bi iheskideak beste hiru ziklistek: Olivia Barilek, Kasia Niwiadomak eta Reusser berak. Orduan, SD Worxek talde lana baliatu zuen garaipena ziurtatzeko. Reusserrek erasoa jo, eta ez zion inork jarraitu. Volleringen galga lana egin zuen, eta suitzarrak errenta nabarmena atera zuen kilometro gutxitan. Pentsa, sailkapena iraultzeko gai izan zen, atzekoen adostasun ezagatik. Sailkapen nagusian bigarren postuan zegoen Reusser, minutu ingurura. Bulebarreko helmugan, berriz, minutu eta erditik gorako tartea atera zien gainerakoei.
Vollering izan zen bigarren azken etapan, eta baita sailkapen nagusian ere. Herbeheretarrak aurreko bi etapak eskuratu zituen, baina hirugarrena eta Itzulia Reusserren esku uztea erabaki zuen. Zale batzuek ez zuten ulertu SD Worxen estrategia, baina agerikoa izan zen. Sailkapen nagusian Niewiadomak bukatu zuen hirugarren, eta Donostiako Egia auzoan bizi den Barilek laugarren.
IRUTXULOKO HITZAk Baril kanadarra elkarrizketatu zuen duela gutxi, eta hemen irakur dezakezue.