Haurrek euskaraz jolasteko 'Parketarrak' egitasmoa egingo dute ekainaren 2ra arte
Parketarrak egitasmoa Donostiako hamazazpi auzotan egingo da gaurtik hasi eta ekainaren 2ra arte. Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta auzoetan antolaturiko euskara batzordeek antolatzen dute, eta lehen saioak gaur hasiko dira Altzan, Añorgan, Morlansen eta Txomin Enean. Ekainaren 2ra arte, hiriko auzoetako hainbat parketan eta plazetan euskaraz jolasean aritzeko aukera izango dute haurrek eta gurasoek, doan.
Parketarrak ekimenaren helburu nagusia da haurrek euskara erabiltzea kalean eta parkeetan jolasean ari direnean. Egitasmo hau bi programatan banatuta dago: bata, Zabu-zibu, 3-5 urte bitarteko haurrentzat eta beraien familientzat antolatuta, eta, bestea, Txirrintxon, 6-9 urte bitarteko haurrentzat.
Martxoko saioen balorazio ona
Udalak azaldu duenez, martxoan antolatutako saioek harrera ona izan zuten: 1.065 haurrek eta 225 gurasok parte hartu zuten. Guztira, 99 saio antolatu ziren. “Saioetan parte hartu zuten gurasoek oso ondo balioetsi dute ekimena. Kalean eta parkean jolasteko ohiturari eustea garrantzitsua iruditzen zaie eta beste jolas batzuetan aritzeko aukera izatea ere bai: flopi-flopi, Krokodrilo jauna, lau izkinak, baloi eseria eta abar. Gainera, kalean euskaraz jolasteko ohitura sustatzearen aldekoak dira”, azaldu dute.
Oraingoan ere, egitasmoa hamazazpi auzotan egingo da: Grosen, Antiguan, Altzan, Añorgan, Bidebietan, Igeldon, Loiolako Erriberan, Txomin Enean, Martutenen, Amaran, Amara Berrin, Parte Zaharrean, Egian, Aieten, Morlansen, Ibaetan eta Intxaurrondon.