Zer dute jokoan donostiarrek azaroaren 29an?

Donostiako eraztun berdea babestearen aldeko apustua egin du Izagirrek

bildu-aiete Juan Karlos Izagirre EH Bilduren alkategaia, Aieten egindako agerraldian. (Argazkia: EH Bildu)

Hauteskunde kanpainaren barruan, Aieten egon ziren asteartean Juan Karlos Izagirre EH Bilduren alkategaia eta alderdiko beste hautagai batzuk, eta auzokide batzuekin batera, ibilbide bat egin zuten Aieteko berdeguneetatik. Horrela, alkategaiak nabarmendu zuen “urrats sendoak” eman behar direla “klima aldaketaren aurrean”, eta, ildo horretatik, “konpromisoa” hartu zuen “lurzoru berririk ez kontsumitzeko” eta Donostia inguratzen duen “eraztun berdea” babesteko; besteak beste, Antondegik eta Auditz Akularrek osatzen dute eraztun hori.

Izagirrek gogorarazi zuen Donostiako Udalak larrialdi klimatikoaren egoera deklaratu zuela 2020an, baina, hala ere, “Goiak adierazpen hura kajoi batean sartu” zuela, eta “hartutako konpromisoak alde batera utzita” gobernatu duela. “Gero eta premiazkoagoa da trantsizio ekologikorako urrats sendoak ematea, baita udalean ere. Gehiago inbertitu behar da politika klimatikoetan, eta gutxiago makro proiektuetan”, gaineratu zuen Izagirrek, Antondegiko eta Auditz Akularreko proiektu handiei erreferentzia eginez. Hain zuzen ere, Antondegin surf parke bat eraikitzeko asmoa dago, eta Auditz Akularren etxebizitzak daude aurreikusita.

Eraztun berdea babestu behar dela nabarmendu zuen EH Bildukoak, eta hiria inguratzen duten naturaguneak “deskalifikatu” egingo dituela esan zuen: “Donostiako gune berdea hiriaren kanpoaldeko eremu natural eta erdi- naturalez osatutako multzoa da (Ulia, Auditz Akular, Lau Haizeta, Antondegi, Miramon, Belartza, Arratzain, Mendizorrotz eta Igeldo). Gune berde horiek babesteko aukera bakarra Eraztun Berdea osatzea da, eta horretarako eremu horiek deskalifikatu egingo ditu EH Bilduk. Europako hiri aurreratuenetan bezala, Eraztun Berdea osatzeak eta babesteak, besteak beste, biodibertsitatea kontserbatzea eta lur degradatuak berreskuratzea ekarriko du; herritarrentzako aisialdi eremuak sortzea eta nekazaritza eremuak babestea ahalbidetuko du; hiriaren eraikigarritasuna dagoeneko artifizializatuta dauden eremuetara mugatuko da, kutsaduraren ondorioak arintzea, donostiarren osasuna hobetzea eta beste arrisku natural batzuk saihestea ere ekarriko du”.

HITZAkide HITZAkide