Zer dute jokoan donostiarrek azaroaren 29an?

Etxebizitza eskubidearen aldeko itun bat aldarrikatu du Lasak

Elkarrekin_Podemos__hautes(1)

Victor Lasa, Elkarrekin Podemosen alkategaia, etxebizitza eskubidearen aldeko itun bat aldarrikatzeko egindako agerraldian. (Argazkia: Elkarrekin Podemos)

Elkarrekin Podemos, IU-Ezker Anitza, Berdeak Equo eta Alianza Verde alderdiek osatutako koalizioaren alkategai Victor Lasa Jose Maria Sert plazara eraman zuen asteartean hauteskunde kanpaina, eta etxebizitza eskubidearen aldeko itun bat sinatzea proposatu zuen. Halaber, Etxebizitza Lege berria Donostian aplikatzearen garrantzia nabarmendu zuen, “prezioak murrizteko eta egoera politikoa errotik aldatzeko tresnak eskaintzen dituelako”.

Udalean ordezkaritza duten gainontzeko alderdiei zuzendu zitzaien Lasa: “Etxebizitza Itun handi batera iritsi behar dugu Donostian. Itun horretan, alderdi politiko guztiek konpromisoa hartuko dute lege berri hau bere osotasunean aplikatzeko, etxebizitza oinarrizko eskubide gisa bermatzeko eta Etxebizitzaren Euskal Legeari esker 2015etik ditugun gaitasunetara batzeko. Lege hori ez da osorik aplikatzen. Konpondu dezagun Donostiako etxebizitzaren arazoa behingoz”.

Lasak azaldu zuenez, itunak hiru helburu hauek izan beharko lituzke: Donostia osoa tentsio handiko eremu deklaratzea, hurrengo legegintzaldian babes ofizialeko etxebizitzak hiriko etxebizitzen %9 izatera iristea (Europako Batasuneko batez bestekoa delako, Lasaren arabera) eta etxebizitza publikoak alokairura bideratzea, erosketara bideratu beharrean. “Hau da arduratsua izateko unea, eta politikakeriaren eta alderdien arteko borroken gainetik egoteko unea”, gaineratu zuen Lasak.

Era berean, bere egungo alkate eta alkategai jeltzalea kritikatu zuen: “Eneko Goiari gogorarazi nahi nioke 2021ean itun bat sinatu zuela Elkarrekin Donostiarekin, non alokairuen prezioa arautzeko konpromisoa hartu zuen, indarrean dagoen araudiak baimentzen duen heinean. Espero dut alkatea hitzezko gizona izatea eta bere zatia betetzea”.

HITZAkide HITZAkide