Zabalzaren auzia Europara eraman du Podemosek
Podemos alderdiko eurodiputatu Idoia Villanuevak Mikel Zabalzaren kasuari buruz galdetu dio Europako Batzordeari, Berria egunkariak argitaratu duenez. Zehazki, Villanuevak Europako Batzordeari galdetu dio ea zer asmo duen Espainiako Sekretu Ofizialen Legeak Zabalzaren auzia argitzea ez dezan oztopatu. Era berean, galdetu dio ea onargarria iruditzen zaion Europako Batasuneko kide den estatu batek ustez segurtasun indarrek egindako torturei eta hilketei buruzko informazioa ezkutatzea.
Lege hori 1968koa da, frankismo garaikoa, eta, horregatik, Villanuevak “onartezintzat” jo du Europako Batasuneko estatu batean “demokraziaren aurreko legeak egotea eta horiek egiarako eta justiziarako eskubidea blokeatzea”. Legealdi honetan ere Zabalzaren auzia argitu ez dela salatu du Podemosekoak, eta gogorarazi du lege hori baliogabetzeko edo moldatzeko egin dituzten saiakera guztiak blokeatu egin dituztela Espainiako Barne eta Defentsa ministerioek. Gogoratu behar da Villanuevaren alderdia Espainiako Gobernuan dagoela, nahiz eta bi ministerio horiek PSOEren eskuetan dauden.
Halaber, Eusko Jaurlaritzak Zabalzaren kasuari buruz ondutako txostenaren harira, Villanuevak Europako Batzordeari galdetu dio ea Espainiaren jarrera Europako Batasunaren Oinarrizko Eskubideen Kartaren aurkakoa izan ote daitekeen.