Izagirrek I+G+B eremu degradatuetara eramatea proposatu du
EH Bilduk auzoz auzo jarraitzen du hauteskunde kanpainaren azken txanpan. Atzo arratsaldean Altzan egin zuten ekitaldia, eta Juan Karlos Izagirre alkategaiak jarduera ekonomikoak eta ezagutza eremu degradatuetara eramatearen garrantzia nabarmendu zuen.
“Altzak 20.000 biztanle baino gehiago ditu gaur egun, eta historikoki milaka migratzaile jaso dituen herria izan da. Langileen herria. Herriko giza eta gizarte paisaia aldatu zuten langileak izan ziren”, azaldu zuen Izagirrek. Testuinguru horretan, Altzak garapen “desorekatu eta neurrigabea” izan zuela gaineratu du: “Lanpostu asko sortu baziren ere, egungo errealitateak beste argazki bat erakusten digu: ekoizpen ereduak izan duen eraldaketaren ondorioz ixten joan diren enpresa eta lantegiena, Europako beste hiri batzuetan ere ematen diren eremu degradatuak sortuz”.
Horren aurrean, Europan egiten ari direna gogora ekarri zuen: “Bi eredu ikusiko ditugu. Batetik, dena eraistearen alde egiten duena etxebizitza eraikitzeko eta epe laburrera onura azkarrak baino ez dituenak sortzen. Eta, bestetik, eredu mistoa, etxebizitza egiteari uko egin gabe, era neurtuan, jarduera ekonomikoa berreskuratzearen alde egiten duena”. EH Bilduren apustua norabide horretan doala nabarmendu zuen: “Donostia zientziaren hiria da, eta ahalmen handia du I+G+Bn. Horregatik, eremu horiek baliatu beharko lirateke ezagutza eta jarduera horiek dagoeneko ezagunak diren parke teknologikoetatik haratago instalatzeko. Zehazki, Txingurri eta Herrera bezalako eremuak biziberritzeko aukera paregabea dira, zientzia eta teknologia trakzio elementu gisa txertatuz. Altzakoekin landu nahi dugun proposamena da hau”.