Denboraldi ia borobila
Bera Berak ezin izan du liga irabazi, baina kopa eta superkopa eskuratu ditu. Gainera, Europa ligarako sailkatu dira.
Gertu izan dute denboraldia borobiltzeko aukera, baina ligako titulurako lehiatik kanpo geratu ziren. Horrela ere, Bera Bera eskubaloi taldearen denboraldia maila oso onekoa izan da. Espainiako superkopa eta kopa nagusitasunez irabaztearekin batera, ligako fase erregularreko onenak izan dira. Horri esker, Europako ligan beste urrats bat egiten ahaleginduko dira datorren sasoian.
Guztira, 33 partida jokatu dituzte, 20 jokalarik parte hartu dute eta 971 gol sartu dituzte. Zortzi dira partida guztietan parte hartu duten jokalariak, datu esanguratsua: Arrojeria, Fernandes, Hernandez, Etxeberria, Loidi, Arcos, Erauskin eta Gavilan.
Ligan 27 partida jokatu dituzte. Fase erregularrean, Bera Berak 19 irabazi zituen, bi galdu (Malagaren eta Valladoliden aurka) eta bat berdindu (Elx). Ligako kanporaketetan, berriz, bi irabazi eta hiru galdu dituzte. Guztira, 800 gol sartu ditu ligan (29,63 partidako) eta 617 jaso (22,85). Laura Hernandezek eta Paula Arcosek 107 gol bana sartu dituzte, eta, ondoren dira, Arrojeria (98) – markarik onena –, Fernandes (75), Etxeberria (69) eta Gavilan (66), besteak beste.
Lehiaketa guztiak zenbatuta: liga, kopa, Europa eta superkopa, Paula Arcos izan da denboraldi honetan gol gehien sartu dituena: 145 golekin. Gainerako jokalarien datuak hauek dira: Laura Hernandez (122), Arrojeria (116), Fernandes (100), Etxeberria (81), Gavilan (79), Erauskin (68), Boada (53), Polonio (50), Karsten (49), Louis (41), Loidi (38), Cavo (31), Menéndez (21), Urretabizkaia, Tapia eta Silva (2) eta Aalla (1). Guztira, 971 gol sartu dira 33 partidatan, hau da, partidako 29,42 gol, eta 773 gol jaso ditu (23,4).