4,3 puntu jaitsi da parte hartzea Donostian
Aurrera jarraitzen dute udal eta foru hauteskundeek, eta 18:00etan atera diren parte hartze datuen arabera, %48,16koa da parte hartzea Donostian; 2019ko udal hauteskundeetan 4,3 puntu altuagoa zen, %52,47koa. Goizeko datuek erakusten zuten joera berresten dute arratsaldeko datuek, goizean %34,9koa baitzen parte hartzea hirian, 2019an baino 1,46 puntu baxuagoa (%36,36). Donostian 147.304 lagun daude bozetara deituta; 20:00etan itxiko dituzte hauteslekuak.
Gipuzkoan bozetara deituta dauden herritarren %48,52k eman dute botoa, 2019ko udal eta foru hauteskundeetan baino 4,8 puntu gutxiago dira horiek. 18:00etako datuen arabera, halaber, %48,68koa da momentuz parte hartzea Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban, eta %54,32koa Nafarroan. Eguerdian, parte hartzea 2019an baino baxuagoa zen Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban, eta altuagoa Nafarroan; arratsaldean, parte hartzeak baxuagoa izaten jarraitzen du Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban, eta Nafarroan ere jaitsi da.
Donostian, bost alkategai nagusiek dagoeneko bozkatu dute, eta denek bozkatzera deitu dituzte donostiarrak. IRUTXULOKO HITZAk hauteskunde gauaren jarraipen berezia egingo du, auzoz auzoko datuak bertatik bertara emanez, besteak beste. Horrela, udal hauteskundeen inguruko eduki, datu eta elkarrizketa guztiak hemen kontsultatu ditzakezue.