Izagirreren ustez, EAJren politikak "birbideratzeko" eskatu dute herritarrek
Agerraldia egin du EH Bilduk gaur, udalean hautatuak izan diren zinegotzi berriekin. Jasotako emaitzak “historikoak” direla argi dute, eta “gauzak beste modu batera egin behar direnaren ideia” berresten dutela uste dute. Azken urteotako joera “birbideratu” behar dela uste dute subiranistek, eta hori dela hauteskunde hauen irakaspena.
EH Bilduk inoizko emaitzarik onenak lortu ditu Donostiako Udalean, donostiarren 23.387 botorekin. Hala, EAJrengandik bereizten zituen 14.000 botoetatik, 1.000 boto inguruko aldera murriztu dute aldea. Izan ere, EH Bilduk 3.000 boto inguru igo ditu, eta EAJk 10.000 inguru jaitsi.
Koalizioak zortzi zinegotzi lortu ditu guztira. Auzoetako emaitzak nabarmendu dituzte. Ekialdeko barrutian eta Urumearen ardatzean lehen indarra da, eta auzoz auzo indar bozkatuena izan da hamaika auzotan: Parte Zaharra, Morlans, Egia, Añorga, Ulia-Ategorrieta, Igeldo, Loiola, Martutene, Intxaurrondo, Zubieta eta Txomiñenea. Izagirreren ustez “azken urteotan auzoekin eta auzotarrekin batera egindako lanaren emaitza dira” datuok.
Donostia mailako datuetara itzuliaz, horiei esker, gainera, Maddalen Iriarteren hautagaitza indartu da Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko. Hala, EH Bildu da lurraldeko zerrendarik bozkatuena 22 eserlekurekin, 2019an baino bost gehiago.
Gobernua osatzeko ahaleginez galduta, Izagirrek kontatu duenez, orain arte egindako kontaktu bakarra hauteskunde gauean egin zuela, Eneko Goia irabazlea zoriontzeko. Oraingoz ez du beste deirik jaso, eta horren zain dagoela adierazi du.
Eneko Goiak, bere aldetik, PSE-EErekin harremana abiatuko duela jakinarazi du, eta beste indar politikoekin hitz egingo duela adierazi. Gauzak horrela, itsura guztien arabera, Goiak koalizio gobernua errepikatuko du PSE-EErekin.