Parte Zaharreko Belfast tabernaren aro baten bukaera
Lau hamarkada luzeren ondoren, Ikatz kaleko Belfast tabernak jabe aldaketa izango du. Igandean, hilaren 4an, agur festa bat egingo dute Josuk, Lurdesek eta Nagorek, egungo arduradunek. 18:00etatik 22:00ak bitarte izango da ospakizuna.
Sare sozialen bidez eman dute ziklo bukaeraren berri: “Agur esateko unea iritsi da eta gure esker ona adierazi nahi dizuegu bertan pasa ditugun parranda, poteo eta tertuliengatik”.
Erretiroa hartuko dute, baina topatu dute Belfast tabernarekin aurrera jarraituko duen pertsona. “Inork baino hobeto ezagutu eta gure familiaren parte den Amaia Peñaren esku utziko dugu. Zorte on ibilbide berri honetan, Amaia!”, adierazi dute.