Beroz itotako Chewbacca
(Argazkia: Joseba Parron) Bizitza antzerki bat dela, eta hemen zu, zure rola bete nahian, turistaz mozorroturik, kale artistari jaramon egiten, kiribila jarraitzen. Txanpon baten truke keinu bat, eta beste bat, eta fotografia bat. Ikusiko ea gero sartzen den Instagramerako kariñoz eta tentuz hautatutako aukeraketan.
Zure rola beteta bazoaz zu. Eta hor geratzen da Chewbacca, bere mozorro azpian, hurrengo turista limurtu asmoz, berotan itota.
Norberari dagokion rola betetzea garrantzitsua da, denak gutxi gorabehera espero den moduan funtziona dezan. Zeren, bestela Chewbacca, beroz itotako Chewbacca, ez zen Kontxara begira paraturik egongo ordu luzez, irri estupidoei euro bat eskatuz, eta akaso, hartuko luke laser izpidun pistola, eta aukeratu berria den hiriko alkatearengana joko luke —herritarren %16ak besterik babestu ez duen horrengana—, artistentzako gutxieneko lan baldintzak eskatzera, eta urtean kobratzen dituen 88.743,59 euro horietako batzuk sikiera, sortzaileen artean banatzeko eskatzera.
Bizitza antzerki bat balitz ere, sikiera beste rol bat egokitzeko hautua duela pentsatuko du orduan Chewbaccak. Behin antzerkia eginda, nahiago Juana Doloresena egin, eta guztian kaka egin.


