Donostiak ere ikusi zuen Tina Turner
1981eko maiatzaren 15ean lehen eta azken kontzertua eskaini zuen abeslari estatubatuarrak Donostian. Ike Turnerrengandik dibortziatu ostean, egoera zailean zegoen hona etorri zenean, eta, zailtasunak zailtasun, lortu zuen hemengo publikoak bere indarra mirestea.
Askorentzat rock-and-rollaren erregina zen Tina Turner. Anna Mae Bullock izena jarri zioten 1939an Brownsvillen (Texas, AEB) jaio zenean, eta ez zitzaion batere bizitza erraza egokitu. Joan den astean —maiatzaren 24an— zendu zen 83 urterekin, gaixotasun luze baten ondorioz.
11 urte besterik ez zituela, bere amak San Luisera (Missouri, AEB) ihes egin zuen aitaren abusuzko harremanetik ihesi, eta bere ahizpekin batera, amonarekin bizitzera bidali zuten Anna Mae. Bere hiriko elizako koruan abesten zuen, eta gau batean, hiriko klub batean, Ike Turner and The Kings of Rhythm ikusi zuen zuzenean jotzen. Ike Turnerrek berehala atzeman zuen Anna Maek abesteko zuen indarra, eta bere talderako fitxatu zuen. Arrakastarako prestatu zuen, harengan kontrol psikologikoa eta fisikoa ezarriz. Gainerako taldekideekin partekatzen zuen etxera eraman zuen, eta 16 urterekin bizitza berri bat hasteko aukera ikusi zuen Anna Maek, ordura arte bizitako abandonuaren ostean.
Ordea, aukera berri hori amesgaizto bihurtu zen berehala berarentzat. Bi urte beranduago, Raymond Hill saxofonistaz haurdun geratu zen, eta bakarrik utzi zuen haurra jaio baino lehen.
Beranduago, Ike Turner Anna Maerekin ezkondu zen, bere jarraitzaileekin sexu harremanak izaten jarraitzen zuen bitartean. Tina Turner izena jarri zion ezkondu ostean, nahiz eta Anna Maek nahi ez izan. Egun horretan, lehen aldiz jipoitu eta bortxatu zuen Ikek. Horren ostean, okerrera egin zuen denak. Deia egunkariko artikulu baten arabera, Tina Turnerrek gogoratu ohi izan du nola abesten zuen 1960ko hamarkadan, Ike & Tina bikotearen ospe handieneko garaian, sudurreko edo masailezurretako kolpeen ondorioz bere odol propioa irentsiz.
Aipatutako egunkariaren arabera, 1968an bere buruaz beste egiten saitu zen Tina Turner, eta budismoan babestu zen ondoren. Ike Turnerrengandik ihes egin zuen 1976an, Dallasen (Texas, AEB) limusina batean izandako borrokaren ondoren. Dirurik eta etxerik gabe geratu zen, eta lagunek etxean hartu zuten, Ikek aurkitu ez zezan.
Tina Turner Donostian
Ezer gabe gelditu bazen ere, bere talentuari esker aurrera egin ahal izan zuen Tina Turnerrek, eta What’s Love Got to Do With It? (1984) abestiari esker bi Grammy sari eskuratu zituen, Private Dancer (1984) diskoa argitaratu zuen, birak hasi zituen, eta Mad Maxen sagan aktore gisa aritu zen, besteak beste.
Garai hartan, Donostiara ere etorri zen Turner, 1981eko maiatzaren 15ean, zehazki. 2.500 lagun bildu ziren Anoetako kiroldegian Turnerren kontzertua ikusteko. “Ostiral bat zen, eta Turner ez zegoen bere momenturik onenean. 41 urte zituen, eta bost urte lehenago dibortzioa eskatu zion Ike Turnerri. Ez zuen diskorik argitaratu 1979an Love Explosion diskoa atera zuenetik, eta oraindik hiru urte falta ziren bere arrakasta indartu zuen Private Dancer diskoa ateratzeko”, dio El Diario Vasco egunkariaren artikulu batek.
Eguraldi txarra zegoen Tina Turnerrek Donostian kontzertua eskaini behar zuen gau hartan. Kontzertuak 21:00etan hasi behar zuen berez, baina Turnerrek ez zuen agertokia zapaldu gauerdira arte. “Hiru orduko atzerapena akats tekniko bati egotzi zioten lehenik antolatzaileek, eta ondoren, taldeko musikarietako baten ondoezari, garai haietan ohikoa zena”, dio aipaturiko artikuluak.
Agertokira joan zenean, ikusleek “hoztasunez” hartu zuten Turner hasieran, baina kontzertua hasi bezain laster, asko animatu zen publikoa. Tximeleta zuriz mozorrotuta eskaini zuen kontzertua, bizkarrean hegoak zituela. The Beatlesen, The Rolling Stonesen eta Neil Diamonden abestiak interpretatu zituen, bere abesti propioez gain. “Abesti denek ziruditen bereak”, aldarrikatzen du artikuluak.
Ia bigarren aldi bat
1996ko abuztuaren 12an, Aste Nagusian, Anoeta futbol zelaian beste kontzertu bat eskaintzekoa zen Turner. Hurrengo egunean Xixonen (Asturias, Espainia) eta hurrengoan Vigon (Galizia) zituen kontzertuak, baina bat bera ere ez zuen eskaini, sarrerak salgai jarri bazituzten ere, Europako bira bertan behera utzi zuelako azken unean.