Villa Saliako lanak berrabiaraziko dituzte
Egiako Villa Salia eraikina eguneko zentro izateko proiektua berrabiarazi du udalak, lanak hainbat hilabetez geldirik egon ostean. Proiektua 2021ean abiatu zuten.
Donostiako Udalak urtarrilean eten zuen Jai Alai eremuko Villa Salia eraikina eguneko zentro bihurtzeko lanen kontratua, Murias enpresa adjudikaziodunak ez zuelako bere egitekoa bete. Obrak geldirik jarraitzen du, baina asteartean proiektuaren lanak kontratatzeko espedientea onartu zuen Tokiko Gobernu Batzordeak, 1.511.091 euroko aurrekontuarekin (Europako Next Generation funtsekin finantzatuta). Horrela, proiektua berrabiarazi dute, eta kontratua adjudikatzen duten unetik, zortzi hilabetean bukatu beharko dituzte lanak.
Proiektuaren helburua da eraikina zentro bihurtzea bi zerbitzu eskaintzeko. Batetik, eguneko zentroa izango da etxerik gabeko pertsonentzako. Bestetik, zaurgarritasun zein babesgabetasun egoeran dauden eta adingabeak dituzten familiei arreta egiteko zentro espezializatua izango da. Udalak 2021eko azaroan adjudikatu zuen hasierako kontratua, eta urte hartako abenduan hasi zituzten lanak.
Pankartak agertu dira
Proiektuak eztabaida sortu du hasieratik Jai Alaiko bizilagun batzuen artean, beldurrak eta aurreiritziak direla eta; hain zuzen ere, azken asteotan segurtasunari erreferentzia egiten dioten pankarta batzuk agertu dira lanetako hesietan eta goiko pasabidean. Hedabide honek Villa Salia Auzo Elkartea delakoarekin hitz egin zuen iazko uztailean argitaratutako erreportaje batean, eta segurtasunarekin kezkatuta agertu ziren.
Ordea, Villa Saliako proiektua aniztasuna kudeatzeko aukera bat da. Hala azaldu zioten IRUTXULOKO HITZA-ri Garazi Montuschik (Harrera Sarea) eta Imanol Legardak (SOS Arrazakeria) aipatu erreportajean, topagune gisa irudikatzen baitute gunea: «Villa Salia espazio fisiko bat izango den heinean, aukera hobea izango da lehendik zeuden sareak indartzeko».