Agurra, oinordekoa eta festa
Realak denboraldia borobildu du Anoetan, Asier Illarramendi kapitainaren azken partidan. Sevillari irabazita, zaleekin ospatu ahal izan dute.
Bukatu da liga eta sasoia, Realeko zaleek ahaztuko ez dutena. Txuri-urdinak Txapeldunen Ligarako sailkatu dira laugarren bukatuta, eta Imanol Alguacil entrenatzaileak garaipenen errekorra findu zuen, denboraldi batean 30 partida irabazita. Hain zuzen ere, atzo jokatu zuten ligako eta denboraldiko azken neurketa Anoeta futbol zelaian, eta Sevilla mendean hartu zuten (2-1). Brais Mendezek eta Ali Chok egin zituzten Realekoen golak.
Dena dela, atzoko protagonista beste bat izan zen: Asier Illarramendi kapitaina. Minutu onak jokatu ostean, txuri-urdin izateari utzi zion. Haren agurra sentitua eta berezia izan zen. Partida bukatzean, mutrikuarra omendu zuen klubak milaka zaleren aurrean, taldekide, lagun eta senitartekoen ondoan. Realaren urrezko intsignia, kapitainaren besokoa eta txalo zaparrada jaso zituen Illarrak. Agurrak ezusteko bat ere izan zuen. Protagonistak ‘4’ zenbakidun kamiseta Martin Zubimendi donostiarrari eman zion, agerian utziz datorren sasoian Realean jarraituko duela. Era berean, Illarrak haren besokoa Mikel Oiarzabali eman zion. Oinordekoak zehaztuta, Txapeldunen Ligako sailkapena ospatzeko suak piztu zituzten Anoetan. Beroaldi polita izan zen.
Saskibaloian, Gipuzkoa Basketek etxeko lanak egin zituen, horretarako laugarren partida bat behar izan arren. ACB ligara igotzeko finalerdietara sailkatu zen Donostiako taldea, Coruñari atzo, laugarren partidan, irabazita (82-77). Larunbateko ezustekoari behar bezala erantzun zion Lolo Encinasek gidaturiko taldeak. Final Four delakoa jokatuko dute ekainaren 17ko eta 18ko asteburuan. Oraindik lekua zehaztu gabe dagoen arrena, finalerdietako arerioa Burgos izango da.
Belar hockeyan, Realak garaipen esanguratsu batekin eta zortzigarren postuan bukatu du liga. Sardineroren zelaian hamar gol ikusi ahal izan ziren, eta horietatik zortzi txuri-urdinek egin zituzten (2-8).
EMAITZAK
Futbola
Gizonezkoen liga, 38. jardunaldia
- Reala 2 – Sevilla 1
Saskibaloia
ACB ligara igotzeko kanporaketak (final-laurdenak)
- Hirugarren partida: Gipuzkoa Basket 71 – Coruña 83
- Laugarren partida: Gipuzkoa Basket 82 – Coruña 77
Belar hockeya
Emakumezkoen ohorezko maila, 22. jardunaldia
- Sardinero 2 – Reala 8