Korner kultura eta futbol jaialdia egingo dute ekainaren 10etik 17ra
Ander Izagirre donostiarrak parte hartuko du Korner jaialdian. (Argazkia: Korner) Realaren Fundazioak antolatzen duen Korner jaialdiak kultura eta futbola elkartuko ditu ekainaren 10etik 17ra bitartean, Donostiako hainbat espaziotan. Jaialdiak Donostia Kulturaren laguntza du, eta seigarren edizioa da aurtengoa.
Jaialdiak hainbat arte eta kultura diziplinaren eta futbolaren arteko harremanak esploratzea proposatzen du, eta solasaldiak, proposamen eszenikoak, proiekzioak eta erakusketak izaten ditu, baita jarduera ludikoak ere.
Korner ekainaren 10ean hasiko da Antzoki Zaharrean, Oscar Terol umoristak horretarako berariaz sortutako bakarrizketen ikuskizun batekin: Apercibidos. Terolez gain, Maribel Salas eta Sergio Arrospide aktoreek eta El Pirata musikariak ere parte hartuko dute.
Apercibidos saioa jaialdiko Monologoles sailaren barruan kokatzen da, non futbolaren eta inguruko guztiaren alderdi desberdinak umorez lantzen baitira. Terolen hitzetan, ikuskizuna osatzen duten hiru bakarrizketek “gipuzkoarra eta Realaren zale sufritzailea izateak esan nahi duenaz” hitz egiten dute.
Sarrerek 18 euro balio dute, eta Donostia Kulturako leihatiletan eros daitezke dagoeneko, baita webgunean (www.donostiakultura.eus) eta Kornerren webgunean ere (www.korner.eus).
Igandean, ekainak 11, Kornerrek erronka saio bat proposatu du haurrentzat, Delantero 09 youtuberrarekin: penaltiak, dribblingak eta beste proba batzuk egingo dituzte Zubietako entrenamendu zelaietan. Beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea jaialdiaren webgunean.
Asteburuaren ondoren, protagonismoa telesailentzat eta idazleentzat izango da. Astelehenean, hilak 12, Antzoki Zaharrean, Kornerrek Ted Lassori egingo dio omenaldia, zeinak izen bereko futboleko entrenatzaile berezia duen protagonista, Jason Sudeikisek interpretatua.
Antzoki Zaharreko agertokiaren gainean Cristo Fernandez izango da, seriean Dani Rojasen rola jokatzen duena, eta baita beste aktoreetako bat ere: David Elsendoorn. Biek Maitena Salinas aurkezle eta aktorearekin hitz egingo dute futbolera hurbiltzeko moduarekin moldeak hautsi dituen telesail horretaz. Sarrera librea da lekuak bete arte.
Asteartean, hilak 13, beste telesail baten txanda izango da, hori ere komedia, HBO Maxek ekoitzi eta orain dela aste gutxi emana: Pollos sin cabeza. Kornerrek Carolina Bang ekoizle eta aktorea, Alex de la Iglesia telesailaren sortzailea, Miguel Angel Sola aktorea, Jorge Valdano Saenz gidoilaria eta Rodrigo Ruiz Gallardon errealizadorea elkartuko ditu, Anoetako Auditoriumean.
Pollos sin cabeza lanak Betoren historia du ardatz (Hugo Silvak interpretatua): futbolari ohi bat da, orain jokalarien ordezkari dabilena, eta bere agentzia sortu berri du, baina laster arazo pertsonal zein profesionalei egin beharko die aurre. Solasaldia Ylenia Benito kazetariak moderatuko du. Hor ere sarrera librea da lekuak bete arte.
Telesailen ondoren, idazleen txanda izango da, Ernest Lluch Kultur Etxean egingo diren bi ekitaldirekin, biak ere sarrera librearekin. Asteazkenean, hilak 14, Euskal literatura eta futbola izenburuarekin, egungo euskal literaturaren egile garrantzitsuenetako bik, Harkaitz Canok eta Karmele Jaiok, literaturaren eta futbolaren arteko harremanei buruz eztabaidatuko dute, Jon Kortazar kritikari eta EHUko irakasleak moderatuta.
Ostegunean, hilak 15, Kornerrek atal berri bat estreinatuko du: Visiones del futbol. Horretan, kulturaren eta sorkuntzaren hainbat sektoretako pertsona ezagunek futbolari buruz egiten duten interpretazioa eta beren obrak horrekin duen harremanak azalduko dituzte. Sail honetako lehen gonbidatua Enrique Vila-Matas da. Ylenia Benito kazetaria arduratuko da bartzelonar idazleari elkarrizketa egiteaz.
Ostirala, hilak 16, jaialdian egun ludikoa izango da. Txurdinekin argazkiak! helduek eta haurrek Realeko maskotarekin argazkiak ateratzeko gonbidapen bat da da. 18:00etan izango da, Ernest Lluch Kultur Etxean, Marrazketabar (Mikel Soro) egilearen Marrazkien indarra erakusketaren esparruan: ilustratzailea eta Txurdinen sortzailea da, baita Realaren irudia berritu duten hainbat diseinurena ere.
19:00etan, Kornerrek proposamen “dibertigarri” bat prestatu du Anoetan. Miguel Gutierrez, Carlos Marañon eta Antonio Pachecok osatutako Saber y Empatar podcastaren taldeak zuzeneko saioa eskainiko du, Ander Izagirre dutela gonbidatu berezi. Futbola, umorea eta pasadizoak, aperitibo batekin batera eta leku pribilegiatu batean, estadioko Premium Gunean, zelaiaren parean, espazio esklusiboetan barrena egindako bisita gidatu labur baten ondoren: mitoen pasilloa, trofeoen bitrina edo jokalarien aldagelak. Jarduera doakoa da, baina beharrezkoa da jaialdiaren webgunean izena ematea.
Eta azken urteetan ohikoa denez, Kornerrek larunbatean, hilak 17, Chillida Lekun itxiko du bere programa, jarduera bikoitz batekin. 11:00etan, bisita gidatua museoan barrena, eta aperitibo baten ondoren, 12:30ean, Andres Neuman argentinar idazleak Argentinak futbolarekin duen harreman biziaz hitz egingo du. Neumanek Carlos Marañonekin hitz egingo du pasio kolektibo horrek Argentinako kulturan eta gizartean dituen adierazpideei buruz.

