Ostegunean irekiko dituzte Altzako kanpoko igerilekuak
Altzako kiroldegiko kanpoko igerilekuak. Donostiako Udala Udako denboraldia hasi da Donostiako kiroldegietan, eta Etxadiko eta Intxaurrondoko kanpoko igerilekuak irekita daude astelehenetik, baita Paco Yoldi kiroldegiko solarium gunea eta ur jokoak ere. Ordea, Altzako kiroldegian urteroko geldialdia teknikoa egiten ari dira egunotan, eta instalazioa ez dute ostegunera arte irekiko; ostegunetik aurrera, beraz, Altzan ere gozatu ahalko da kanpoko igerilekuez.
Kanpoko igerilekua duten kirol instalazioak egunero egongo dira irekita udako denboraldiak irauten duen bitartean, igandeak eta jaiegunak barne. Altza, Paco Yoldi, Etxadi eta Intxaurrondo kiroldegiek izango dituzte ordutegi zabalenak asteburu eta jaiegunetan, 09:00etatik 20:30era. Egia eta Gaska kiroldegietan iaz luzatutako ordutegiak mantendu egingo dira, eta ez dira itxiko eguerdian. Ordutegia 09:00etatik 20:30era izango da, astelehenetik ostiralera.


