Ostiralean hasiko da Aita Donostia musika astea
Ekainaren 9an hasi eta hilaren 16ra arte iraungo du XXVI. Aita Donostia musika asteak. Ostiral honetan inauguratuko du kartela Dos-I abesbatzak, 20:00etatik aurrera. Iñaki Carcamoren zuzendaritzapean egingo du, eta Europa iparraldeko egileen abestien errepertorioa interpretatuko du. Hori dela eta, Nordika-Iparraldeko kantak izena jarri diote kontzertuari.
Ostegunean, ekainak 15, ordu berean, Aita Donostia abesbatzaren txanda izango da, Javier Alberdiren zuzendaritzapean. Angela Agueros piano jotzailea izango da bertan.
Ekainaren 16an, ostirala, Hots abesbatzak itxiko du XXVI. edizioa. Aitor Biainek zuzendutako ahots zurien abesbatzak Amaia Zipitriaren laguntzarekin eskainiko du kontzertua.
Ohikoa denez, kontzertu horietako bakoitza Kaputxinoen elizan izango da, 20:00etan, eta sarrera doakoa izango da.

