San Bartolome muinoko lursail publikoa saltzearen aurkako helegitea aurkeztu du Dendartean elkarteak
Donostiako Udalak erabaki du haren jabetzako partzela San Bartolome Muinoa sozietateari zuzenean saltzea.
Dendartean merkatarien elkarteak errekurtsoa aurkeztu du Donostiako Udaletxean, San Bartolome Muinoa sozietateari K partzelan (b.20.2) dituen eskubideak saltzearen aurka. Zehazki, apirilaren 25ean, Tokiko Gobernu Batzarrak erabaki zuen udalaren jabetzako zatia zuzenean saltzea, 1.750.800 euroren truke.
Helegitea aurkezteko arrazoiak azaldu ditu elkarteak: “Batetik, partzela udalaren lurzoru ondarearen zatia da, eta ezin zaio partikular bati zuzenean saldu; aitzitik, lehiaketa publiko bidez egin behar da, legeriak ezarritakoaren arabera. Bestetik, partikularrarekin adostutako salmenta prezioa bere udal zerbitzu teknikoek kalkulatutakoa baino txikiagoa da, gutxi gorabehera 145.000 eurokoa; kopuru horri dagokion BEZa gehitu beharko litzaioke”.
Hori dela eta, merkatarien elkarteak udalari eskatu dio hartutako erabakia bertan behera uzteko, eta legediak ezartzen duenaren arabera jarduteko, “partzela saltzeko lehiaketa prozedura publiko eta ireki baten bidez, eta prezioa udal zerbitzu teknikoek zehaztutakoa izan dadila”.
Aipaturiko lur zatian, San Bartolome muinoaren hegalean, 8.000 metro koadro baino gehiagoko merkataritza zentro handi bat eta 200 plaza baino gehiagoko aparkaleku bat eraikitzea aurreikusi dute. Horretarako, udalak San Bartolomeko Plan Berezia onartu zuen, eta horren aurkako helegitea aurkeztu zuen Dendartean elkarteak, beste hainbat elkarte eta eragilerekin batera. Egun gutxira onartu zuen errekurtsoa EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako 2 zenbakiko Epaitegiak.