Igaraba familia bat grabatu dute Donostian
Itsas Enara elkarteak igaraba familia bat grabatu du Donostian. Elkarteak azaldu duenez, Gipuzkoan, igaraba (Lutra lutra) desagertu egin zen 1960ko hamarkadatik XXI. mendeko bigarren hamarkadara bitartean. Azken hamar urteotan igaraba poliki-poliki birkolonizatzen hasi da Gipuzkoa. 2014tik 2018ra estatuan egindako zentsuan, espeziea Bidasoaren arroan aurkitu zen, Gipuzkoari dagokionez. Geroago, Oria, Urola eta Urumearen arroetan ere ikusi da. Duela gutxi UGASS proiektuan –Donostiako meso eta makrougaztunen inbentarioa egiteaz arduratzen dena– espeziea Urumeako bi errekatan filmatzea lortu zuten fototranpa bidez.
Oriaren arroan (Zubieta, Donostia) kokatutako kamerak maiatzean grabatutako bideo batek igaraba Gipuzkoan ugaldu dela frogatu du. “Filmazioan argi eta garbi ikus daiteke igaraba familia bat, segur aski eme batek eta haren kumeek osatua”, azaldu du Itsas Enara elkarteak.
Horrekin batera, nabarmendu du behaketa hori “mugarria” dela igarabak Gipuzkoan daraman birkolonizazio prozesuan, eta, nolabait, “gure ibaiak hobeto zaintzearen ondorioa” dela. Nolanahi ere, ohartarazi dute espeziea oraindik Euskal Autonomia Erkidegoan “desagertzeko arriskuan” katalogatuta dagoela eta horrek espeziea eta haren habitatak behar bezala kudeatzea eskatzen duela.
Hona hemen Zubietan grabatu duten igaraba familiaren bideoa: