Igarotako bidearen kronologia bat

Basoko suteen errealitatea islatuko du Saguesen 'Lost Forest' izeneko aldi baterako pabiloiak

lost forest 'Lost forest' proiektua Saguesko zabalgunean kokatuko da urriaren 10etik azaroaren 16ra bitarte.

TAC! Hiri Arkitekturaren Festibalak Julia Ruiz-Cabello Subiela eta Santiago del Aguila arkitekto madrildarren Lost Forest proiektua aukeratu du Donostian aldi baterako pabiloi bat diseinatzeko lehiaketan. Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioko (MITMA) Hiri Agenda, Etxebizitza eta Arkitekturaren Idazkaritza Nagusiak, Arquia Fundazioarekin batera, antolatutako ekimen honek aurten Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura Zuzendaritzaren, Mugak Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren, Habic klusterraren eta Euskadiko Arkitektura Institutuaren laguntza ere badu.

Pabiloi irabazlea Saguesko zabalgunean kokatuko da urriaren 10etik azaroaren 16ra bitarte, eta Mugak Bienalaren laugarren edizioaren programazioaren parte izango da. Aurten, Berreraiki, berpiztu, berrasmatu lelopean, arkitekturak krisi ekologiko, sanitario, ekonomiko eta sozial garai hauetan duen zeregina balioesteko helburua izango du.

Lost Forest proiektua

Lost Forest pabiloiak basoko suteen errealitatea hiri ingurunera eraman eta herritarren arreta erakarri nahi du, arazo horretaz kontzientzia har dezaten.

Azaldu dutenez, proposamena Urgull mendiaren morfologian oinarritzen da, “hiriko eskulturaren eta birikaren sinboloan”, eta horren aurrean erretako zuhaitz enborrez osatutako izaera ikonikoko egitura altxatuko du. “Pabiloia aldi berean aterpe eta kontenplazio espazioa da, Saguesko zabalgunearen eskala handiarekin, hiriarekin, itsasoarekin eta mendiarekin elkarrizketan”, epaimahaiak nabarmendu duenez.

Egileek lehiaketara aurkeztutako proiektuaren memoriaren arabera, “pabiloia igarobide eta kontenplazio lekutzat hartzen dugu, naturaren handikeriatik egindako zentzumen ibilbidetzat. Kiskalita egon arren, hausnarketarako guneak sortzen jarraitzen du”.

Pabiloi honen bidez, suteen ondoren mendietan geratzen den egur horri “lehentasunezko lekua” eman nahi diote jendearen memorian. Eta basoen zaintza, mantentze eta kudeaketa jasangarriari buruzko kontzientzia ekologikoa erakusteko larrialdiaz ohartarazi nahi dute.

HITZAkide HITZAkide