Zer dute jokoan donostiarrek azaroaren 29an?

Zardoya Otis eremuko proiektuaren aurkako sinadura bilketa abiatu dute

Zardoya_Otis_eremu_industr Zardoya Otis eremuan egin nahi duten hirigintza proiektuaren aurkako mobilizazio bat.Nerea Lizarralde

Herrerako Herripe auzo elkarteak hilabeteak daramatza udalak Zardoya Otis enpresa zegoen eremuan garatu nahi duen hirigintza proiektuaren aurka mobilizatzen, eta sinadura bilketa bat abiatu du orain. Herripek gogorarazi du proiektuak ez liekeela soilik eragingo inguruko etxeetan bizi direnei, inguruko herritar guztiei baizik; horregatik, udalaren proiektuaren aurka eta auzoaren beharrei erantzungo dien proiektu baten alde sinatzera deitu dituzte herritarrak.

Garai batean eremu industriala izan zen gunea berregin eta 400 etxebizitzatik gora egitea aurreikusi du Donostiako Udalak. Auzo elkarteak, ordea, auzoan falta diren ekipamenduei eman nahi die lehentasuna, eta bizilagunentzako “birika berde bat” egiteko eskatu du hainbatetan.

Udalaren proiektuak “herritarrei iruzur” egiten diela salatu dute: “Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) berrikusketarekin ari direnean, proiektu hau aldaketa puntual baten bidez modu azkarrean tramitatzen dute”. Halaber, “lotsagarrikeriatzat” jo dute proiektua: “Legez operazio honi dagozkion gune berde libreak, 5.600 metro koadrokoak, Igeldon sortuko dituzte, Herreran bertan sortu ordez”. Era berean, gogorarazi dute soilik aurreikusten dela etxebizitzen %40 izatea babestuak –tartean tasatuak egon daitezke, merkatu libreko prezio antzekoa izan ohi dutenak–, legeak ezartzen duen minimoa, alegia.

“Izango ditugun arazoak argiak dira: 500 ibilgailu gehiago pasatuko dira Renfeko zubiaren azpitik eta Nido tabernako biribilgunetik, nahiz eta dagoeneko gaur egun zenbait ordutan saturazio arazoak egoten diren gune horietan. Bestalde, beste 1.000 pertsona baino gehiago Osakidetzako auzoko zerbitzuetako erabiltzaile bihurtuko dira, hain justu Altzako anbulatorioan, gaur egun lan karga izugarria duen instalazioan”, gaineratu du Herripek.

HITZAkide HITZAkide