Azaroaren 30ean izango da greba feminista orokorra
Etxeko langileak irudikatzen dituzten siluetak, urtarrilaren 30eko greba orokorreko greba feministan. (Argazkia: Irati Salsamendi) Urtebete baino gehiago igaro da Denon Bizitzak Erdigunean prozesua martxan jarri zuela mugimendu feministak “zaintza sistema iraultzeko asmoz”. Martxoaren 8an iragarri zutenez, borroka horri ekarpena egin asmoz, greba feminista orokorra antolatuko zutela. Hainbat asanbladaren ostean, badago data: azaroaren 30a.
2022an Gasteizen egindako zaintza sistemaren inguruko jardunaldietan hasi zen ernamuina. Jardunaldi haietan erabaki garrantzitsuak hartu zituen mugimendu feministak,tartean, greba feministarena.
Mugimendu feministak zaintza sistema publiko eta komunitario baten alde kalera ateratzeko deia egingo du honela: “Pribatizazioaren eta merkantilizazioaren aurka, zaintza lanetan eta sektore feminizatuetan baldintza onartezinetan bizi garen emakumeon eskubideen alde, egungo sistema mantentzen dutenei ardura eta erantzukizuna exijitzeko…”. Azaldu dutenez, finean, “bizitza duinen aldeko borroka da hau, bizitza osoan zehar zainduak izateko eta konpromiso berdinaz zaintzeko eskubidea lortzeko”.
Donostian ere, hainbat asanblada egin ditu mugimendu feministak greba lantzeko. Azkena, ekainaren 3an izan zen Emakumeen Etxean. Mugimendu feministaz gain, gehiengo sindikalak bat egin du deialdiarekin.

