Aingeru Gorrotxategi donostiarrak bakarkako proiektua berreskuratu du
Aingeru Gorrotxategi musikaria. Hamar urteko etenaldiaren ondoren, Aingeru Gorrotxategi musikari donostiarrak bakarkako proiektuari berriro ekin dio. “Soinu berrituarekin” eta “uda sasoiko esentzia” duen abesti bat estreinatu du: Uda bada. Abestia plataforma digitaletan entzungai dago eta bideoklipa jarraian ikus dezakezue.
Anita Parker taldeko Ane Martinezen kolaborazioa du kanta berriak. Gorrotxategi eta Martinez lankideak izan ziren duela hamar bat urte Bilboko Xirula-Mirula musika eskolan eta bakoitzak bere ibilbide pertsonal eta musikala egin badu ere, abesti hau egiteko elkartu dira.
Hainbeste pasioz eta dedikazioz landu duten abesti hau musikazale guztiekin partekatu nahi izan dute. “Uda erritmoz eta freskotasunez dator, doinu kutsakor batekin, erritmo dantzagarriarekin eta udako egun eguzkitsuak eta gau luzeak gogorarazten dituzten letrekin”, adierazi du donostiarrak.
Azken urteotan, Gorrotxategi Euskal Herriko historia eta mitologian oinarritzen den Lur Barnea alboka rock proiektuan ibili da buru-belarri. Hala ere, bazuen gogoa bakarkako proiektua berreskuratzeko.

