Eraikuntzako enpresari bat atxilotu dute, langileak esplotatzea leporatuta
Enpresariak egunean hamabi eta hamahiru ordu artean lan egitera behartzen zituen langileak.
Espainiako Poliziak eraikuntzaren arloko enpresari bat atxilotu du Donostian, langileak esplotatzeagatik. Informazioa gaur (hilak 23) argitaratu bada ere, hilaren 15ean egin zuten atxiloketa. Bestalde, atxilotutako gizonaren bazkidea ere ikertzen ari dira, langileen eskubideen aurkako hainbat deliturengatik. Jatorri ukrainarrekoak dira langileetako batzuk, gerratik ihesi Euskal Herrira etorritakoak. Gainontzeko langileak jatorri latinoamerikarrekoak, errusiarrekoak eta tajikistandarrekoak dira. Atxilotu duten enpresaburua ere jatorri ukrainarrekoa da.
Espainiako Poliziaren Atzerri eta Muga Brigadak egin du operazioa, eta, Poliziaren arabera, identifikatu dituzten zazpi langileek ez zuten ez bizileku baimenik, ezta lan baimenik ere. Enpresariak euren egoera erregularizatzeko lan kontratuak egingo zizkiela esan zien, eta horregatik hasi ziren berarentzat lan egiten. Ordea, atxilotuak ez zien inoiz alta eman Gizarte Segurantzan, eta eskudirutan ordaintzen zien: 500 euro inguru hilabetean, “nahiz eta jakin batzuk 350 euroren truke bizi zirela alokairuko logeletan”.
Enpresaburuak egunean hamabi eta hamahiru ordu artean lan egitera behartzen zituen langileak, “asteko egunik edo iganderik libratu gabe”, Poliziaren arabera. Langileek nabarmendu dutenez, halaber, gerrara bidaltzearekin “mehatxatzen” zituen. Horrez gain, babes ekipamendurik gabe egiten zuten lan askotan, eta istripuren bat izanez gero, enpresaren izena ez esateko eskatzen zien enpresariak langileei. Orain, zazpi langileek aldi baterako egoitza baimena dute, Ukrainako gerrak eragindako “salbuespenezko egoera dela eta”, Espainiako Poliziak esan duenez.