Zer dute jokoan donostiarrek azaroaren 29an?

Adriana Nanclaresek ez du Realean jarraituko

AdrianaNanclares Adriana Nanclares Realeko atezaina izan da azken denboraldietan. (Argazkia: Reala)

Realeko emakumezkoen taldeak aldaketa ugari izango ditu datorren denboraldiari begira. Txuri-urdinek maiatza bukaeran iragarri zuten bost jokalarik ez zutela jarraituko, eta seigarren baten berri eman dute gaur. Adriana Nanclares atezainak kontratua ez berritzea erabaki du.

Miranda Ebroko (Burgos, Espainia) 21 urteko jokalaria 2018an iritsi zen Zubietako harrobira, eta 2020an lehen taldearekin debuta egin zuen atezainaren postua Elene Leterekin txandakatuz. Bi atezainak oso garrantzitsuak izan dira Realean, eta emaitza onak lortzeko gakoak izan dira, Nanclaresek 39 partidu jokatu ditu lau denboraldi hauetan zehar. Hedabide batzuek diotenez, Athletic Nanclaresen atzetik dabil, eta 23 urte baino gutxiago dituenez, formakuntza eskubideak ordaintzearekin nahikoa du atezaina fitxatzeko.

Hurrengo sasoian Athleticekin ariko dena Maddi Torre atzelaria izango da. Donostiarrak ere kontratua ez berritzea erabaki zuen, eta talde zuri-gorrira itzuliko da. Bestalde, Gemma Gili zelai erdiko jokalaria Sevillarekin jokatuko du datorren denboraldian.

Bernabek jarraituko du

Alejandra Bernabek beste urte batez Realean jokatuko du. 2022-2023 denboraldian Atletico Madriletik utzita egon ondoren, aurten ere Realean jarraituko du, baina kasu honetan Chelseak, Londreseko taldeak, utzita. Duela egun batzuk, ofizial egin zuten Chelsea taldean arituko zela 2026ra arte, baina talde ingelesak Realarekin akordio batera iritsi zen datorren denboraldian, kamiseta txuri urdinarekin jolasteko.

HITZAkide HITZAkide