Sute bat izan da erraustegian, baina ez du «keaz aparteko kalterik eragin»
Erraustegiaren aurkako mugimenduak jakitera eman duenez, “sute txiki” bat piztu da gaur 7:45ean erraustegian, bolumen handiko hondakinen hobian. GHK-k jakitera eman duenez, 10:00etarako kontrolatuta zegoen sutea, eta erraustegiko baliabideekin itzali dute. Adierazi dutenez, keaz aparte, ez da beste kalterik izan.
Erraustegiaren aurkako mugimenduak salatu duenez, laugarren sutea da honakoa, eta haien ustez GHK errua besteei botatzen saiatzen da, “hondakinen kontrola beraien ardura” denean. “Zer esan nahi du, ez dagoela sarrera kontrolik? Deskontrola dagoela?”, galdetu dute.
Arriskuen balorazioari dagokionean, bi ordu baino gehiagoz “kutsadura oso potenteko kea” sortu dela salatu du mugimenduak: “Ezin da esan keaz aparte kalterik ez dela izan, kaltea ke hori denean. Edo biztanleen osasuna eta segurtasuna ez al da kalte nahikorik”.
Mugimenduak exijitu du argitzea zein material zehatz erre diren eta zenbat kantitatetan, eta ea substantzia arriskutsuak isuri diren. Azkenik, galdetu dute ea zergatik ez zaion biztanleriari abisua eman, eta legeak behartzen duen moduan, ea 112ra deitu ote duten.