Udan Artikutza ezagutzeko ibilaldi gidatuak antolatu dituzte
Artikutzako Elutsa eremua. (Argazkia: Donostia Ingurumena) Uztailean eta abuztuan Artikutza ezagutzeko bisita gidatuak antolatu ditu Donostiako Udalak, Artikutza Natura programaren barruan. Ibilaldiak Artikutzako historia, ezaugarriak eta natura ezagutzeko interesa duten taldeentzat dira.
Uztailaren 9an Eskasetik Bianditzerako bidea egingo dute bisitariek. Ibilbideak iraungo duen zazpi kilometroetan zehar, Galtzazarrietatik eta Irumugarrietatik igaroko dira, Bianditzeko gainera iritsi aurretik. Bertatik, eguraldia lagun, honakoaz gozatzeko aukera izango da: iparraldera euskal kostaldea, Lapurditik Bizkairaino; hegoaldera Artikutzako basoak eta Nafarroako mendialdea Pirinioetaraino. Itzulerakoan, errepidera jaitsi eta Artikutza eta Pasaia lotzen zituen trenbidea hartu, eta Bianditzeko tunela zeharkatuz Eskasera itzuliko dira.
Abuztuaren 20an, berriz, Altuetako eta Goizaringo burdinolak bisitatuko dituzte. Artikutza auzotik abiatuta, bidean behera egingo dute, harik eta Artikutzako ur guztiak ibai bakar batean elkartzen diren puntura iritsi arte. Hortik aurrera ibaiak Añarbe izena hartuko du. Handik Unalbide leporako bidea hartuko dute eta Artikutzako mendebaldeko mugan zehar Altueta mendira igoko dira. Pagadi trinko batetik Gozaringo burdinolaren hondakinetaraino jaitsi, eta Elama ibaiaren ibilbideari jarraituz (Ibai Erreserba Naturala) Artikutzara itzuliko dira.
Azkenik, abuztuaren 27an Elamako meatze gunea eta burdinola ezagutu ahal izango dira. Ibilbide honetan zehar Artikutzaren historiako industria aldi garrantzitsuenaren eta ingurunean izan duen eraginaren xehetasunak ezagutzeko aukera izango da. Elamako burdinolaren hondakinak bisitatzeaz gain, haren funtzionamendurako beharrezkoak ziren jarduerak ere azalduko dira. Irteera hau Arriurdinetako harrobian hasiko da, Artikutzako hegoaldeko sarreran.
Irteera guztiak 09:00etan hasiko dira. Ibilaldietan parte hartu nahi izanez gero, erreserba egin beharra dago bisita egunaren aurreko ostirala baino lehen, webgune honetan bisita programatu bakoitzaren deskribapenean aurkitzen den izen emate galdetegiaren bitartez, helbide honetara posta elektronikoa bidalita edo 679-61 30 16 telefono zenbakira deituta (astelehenetik ostegunera, 11:00etatik 16:00etara).

