Zubietako herri batzarra izendatu dute
Zubietako auzo batzorde berria eratu zuten atzo, eta Haritz Arrizabalaga izango da Zubietako alkate datozen bi urtetan. Zubietak Donostiarekin eta Usurbilekin partekatzen ditu bere lurrak, eta Arrizabalaga Usurbilgo ordezkaria da. 2025 eta 2027 urteen artean, berriz, Jon Andoni Arroyo izango da alkatea, Donostiako ordezkaria.
Kargu hartzea sinbolizatzen duen zumea jaso zuen Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietaren eskutik, Kaxkapen egin zuten ekitaldian. Bigarren aldiz izango da Arrizabalaga Zubietako alkatea, izan ere, 2019-2021 urteen artean izan zen kargu horretan lehenengoz.
Kargu hartze ekitaldian Arrizabalagak azaldu zuenez, “bizilagunen eta Zubietako eragileen sarea sendotzeko, elkarlana sustatzeko eta herria bizitzeko” egingo du lan, “taldetasuna eta kohesioa indartuz, herriko talde eta elkarte desberdinen artean”.
Donostiari dagokionez, Jon Andoni Arroyo, Maider Izagirre eta Miren Nekane Zaldua Iturrioz dira herri batzarreko kideak. Usurbildik, Haritz Arrizabalaga eta Josune Iparragirre izango dira herri batzarrean.