'Armeria euscadiensis' lorearen mikrohabitatak babesteko eskatu du Parkea Bizirikek
Euskal Herriko kostaldean loratu da Armeria Euscadiensis lorea, euskal itsas krabelina. Donostiako Urgull eta Ulia mendietan topa daiteke, eta espeziearen mikrohabitatak babesteko eskatu du Parkea Bizirik Kukulunbera elkarteak. Batez ere, Urgullekoa, mendi magala egonkortzeko lanek kaltetu dutelako.
“Urgull mendian landare urria da. Eremu txiki gutxi batzuetan bizi da; hala nola malkartsuetan, biderik, giza oinatzik eta belar ebakirik gabekoetan. Armeriaren mikrohabitatak blindatzea eta handitzea komenigarria litzateke”, ohartarazi du Parkea Bizirikek. “Landare honen mikrohabitatetako bat horma baten mutur ertzaren aldamenean dago. Horma hori, oinezkoak luizietatik eta istripuetatik babesteko, 2023ko otsailaren 6tik ekainaren 1era zaharberritu dute. Altueran handitutako hormari atzeko aldean ibiltzeko oso erraza den korridore bat gehitu diote, goiko kotatik metro bat beherago. Lehen ez zegoen korridorerik. Aurreko hormaren gainean ibili behar ez zuenak irrist egin eta errepidera erortzeko arriskua zuen. Orain, lore batzuk korridoretik zentimetro gutxira geratu dira, eskrupulurik gabeko txangozale eta bildumagileekiko zaurgarritasuna areagotuz”, gaineratu du elkarteak.
Horma handitzeko obrekin batera, haren atzean zeuden mendi hegaleko zuhaitzak ere moztu dituztela salatu du Parkea Bizirikek, “lurrera finkatutako metalezko sare batekin estaltzeko”. “Milazkak, sahatsak, lizarrak eta astigarrak, besteak beste, ebaki eta arrastaka landarearen mikrohabitataren ondoan eraman dituzte. Zuhaitz mozketa Pasealeku Berrirako sarbidea moztuta zegoen bitartean egin da, jendeak jakin ez zezan. Era berean, zuhaitzak birlandatzeko makinek mendi hegalaren goiko aldean dauden aleak atera eta birlandatu zitzaketen, baina lan hori ere, ez da aurreikusi”.
Pasealeku Berriaz “segurtasunez” gozatzen eta Armeria Euscadiensis landarearen mikrohabitatak “gordetzen” jarraitzea eskatu du elkarteak.