«Ikusi dugu lanarekin gauzak lortu egiten direla»
June Balda, ababorrean eta lehen postuan; eta Haizea Gozategi, istriborrean. (Argazkia: Ur Kirolak) Aste honetan izango da Parisen 18 urtez azpiko Munduko arraun txapelketa, eta bertan lehiatuko dira Haizea Gozategi Urbieta (Orio, 2006) eta June Balda Berra (Astigarraga, 2005). Ur Kirolakeko arraunlariak dira biak , eta 2- modalitatean arituko dira. Atzo abiatu ziren Parisa, uztail osoa txapelketa prestatzen aritu ondoren, Espainiako selekzioak Sevillan duen goi errrendimenduko zentroan.
Bat Astigarragakoa eta bestea Oriokoa izanda, nolatan elkartu zarete Ur Kirolaken?
Haizea Gozategi Urbieta: June hasiera-hasieratik ibili da Ur Kirolaken, eta ni iaz aldatu nintzen Oriotik Ur Kirolakera. Aurten hasi gara biok 2- ontzian. Elkarrekin arraun egiten dugun lehen aldia da, eta ondo joan zaigu.
Zer berezitasun ditu 2- ontziak?
H.G.U.: Esaten da 2- ontzia dela neurria hartzeko ontzirik zailena. Bi pertsona dira, bakoitza arraun banarekin. Orduan, oso zaila da ontziaren oreka mantentzea. Bi pertsonek oso berdin egin behar dute arraun 2- bat ondo ibiltzeko.
Aste honetan Munduko txapelketan arituko zarete modalitate horretan, nola daramazue?
H.G.U.: Gogotsu ari gara entrenatzen. Tentsio puntu bat sumatzen dugu, baina txapelketa iristeko gogoz gaude.
Hilabete osoa aritu zarete Sevillan txapelketa prestatzen.
June Balda Berra: Bai, Espainiako txapelketa bukatu genuen, eta hor lortu genituen emaitzengatik Espainiako selekzioko hautatzaileek deitu gintuzten Sevillako egonaldira. Bertan proba batzuk egin genituen, eta erabaki zuten Munduko txapelketara eramatea.
Nola dago antolatuta txapelketa?
H.G.U.: Oraingoz hamabost herrialde izango garela dakigu, baina ez dakigu estropadak zein ordutan izango diren. Lehenengo eta behin, kanporatzeak egingo dira. Gero, bigarren aukerak, eta hortik aurrera ja finalerdiak. Finalerdietan erabakiko da A finalean edo B finalean lehiatuko garen, eta azkenerako finalak jokatuko dira.
J.B.B.: Asteazkenean [bihar] hasiko gara lehian, orduan izango baitugu lehen estropada.
Ez da nazioarteko lehiaketa batean parte hartuko duzuen lehen aldia: udaberrian bertan Europako txapelketa jokatu duzue, eta brontzezko domina eskuratu. Zer moduzko esperientzia izan zen?
J.B.B.: Aste Santuan txapelketa bat izan genuen, eta txapelketa horretan lortutako emaitzengatik [Espainiako selekzioko hautatzaileek] egonaldi batera deitu gintuzten. Orduan erabaki zuten 2- modalitatean Europako txapelketara eramatea, eta oso ondo joan zitzaigun bertan. Hura ere Frantzian jokatu zen.
H.G.U.: Aste Santuan jokatu genuen txapelketak Open izena du, eta, hain zuzen ere, horretarako da: Espainiako Selekzioan sartu nahi duen edozein pertsonari irekita dago.
Zein irakaspen atera zenuten bertatik?
J.B.B.: Denboraldi osoa ibili ginen hori prestatzen eta iritsi garen lekura iristeko lanean, baina ez genuen hainbesteko emaitzarik espero momentu horretan. Azkenean, ikusi dugu lanarekin gauzak lortu egiten direla eta aurrera begiratu behar dela.


