Aterpe klimatikoen sarea: hirian berotik babesteko lekuak
Donostiako Udalak aterpe klimatikoen sare bat du. Aterpe horien helburua herritarrak berotik babestea da, adinekoak, batez ere. Hala, kanpoko 53 aterpe eta barruko 36 identifikatu ditu udalak. Kanpokoen artean, Donostiako parkeetako eta berdeguneetako 300 hektareak nabarmentzen dira, zuhaitzen itzalak funtzio garrantzitsua betetzen baitu beroa leuntzen. Barruko aterpeak, berriz, liburutegiak, kultur etxeak, kiroldegiak, museoak, merkatuak eta elizak dira. Kasu horietan, gune horien “jarduera nagusia eta araudia errespetatu” behar direla gogoratu du udalak.
Era berean, itzal handia duten ibilbideak ere proposatzen dira sare horretan, hiritik ibili behar izatekotan, baldintza termiko hobeak izateko. Informazio guztia mapa honetan kontsulta daiteke.