Zer dute jokoan donostiarrek azaroaren 29an?

Metxa piztea baino ez da falta

Nahia Zudaire eta Iñigo Llopis igerilariei harrera egingo die udalak kanoikadaren aurretik, eta gero festen hasierarekin bat egingo dute udaletxeko balkoitik.

(Argazkia: Aitor Odriozola Zubillaga)

Bihar (hilak 12) hasiko da Aste Nagusia, eta prestaketa guztiak bide onetik doaz. 19:00etan lehertuko da festa Alderdi Ederren —piraten hitzordua 19:30ean da, Flamenka gunean—, eta une horretan protagonista izango direnekin agerraldia egin dute gaur goizean.

Aspace elkartetik Rosa Iglesias mintzatu da. Bere hitzetan, “saria” da kanoikadan parte hartu ahal izatea, eta jendarteari dei egin dio elkarteko kideak pertsona moduan ikus ditzaten, eta ez daitezen aulkian bakarrik geratu: “Aulkia erreminta bat da”. Gipuzkoako Argazkilarien Elkarteko Susana Gajak “poza eta ohorea” aipatu ditu. Aurten 75 urte bete ditu elkarteak, eta haren berezitasuna nabarmendu du: “Ez dago hainbeste urte eta hainbeste bazkide [400 inguru] dituen argazkilari elkarterik, ez Euskal Herrian, ez Espainiar Estatuan, ez Europan”.

Gastronomikako kide Elias Arruebarrena eta Onintza Mokoroa ere bertan izan dira. Aurten, Mokoroari egokituko zaio kanoikada botatzea, eta Arruebarrena izango da Danbor Nagusi. Gastronomika 1973tik arduratzen da kanoikadaz, eta azken urteetan bien artean txandakatzen dituzte funtzioak [aurretik Onintzaren aitak, Luis Mokoroak, egin izan zuen lan hori]. Mokoroa “zoriontsu eta gogotsu” agertu da, gisa horretako jardueretan “emakumeen partaidetza gero eta handiagoa” dela iritzita. Arruebarrenak Urgull Historico elkartea eskertu nahi izan du, beste urte batez kanoikada jaurtiko duen kanoia prestatzeagatik.

Aste Nagusian programatutako jarduerez harago, hiriak eskaintza kulturalarekin jarraituko du, eta horren adibide da El candidato —Lehendakarigaia, euskarazko bertsioan— antzezlana. Astelehenetik asteazkenera Antzoki Zaharrean taularatuko dute Iker Galartzak eta Zuhaitz Gurrutxagak, 20:00etan hasita. Galartzaren esanetan, “beti da ohorea Donostian antzeztea, eta data hauetan zer esanik ez”.

Nahia Zudaireri eta Iñigo Llopisi harrera

Bestalde, udalak iragarri du kanoikadaren aurretik, 18:00etan, Nahia Zudaireri eta Iñigo Llopisi harrera egingo diela, eta ondorengo kanoikada balkoitik ikusteko aukera izango dute. Keinu horrekin, udalak “merezitako omenaldia” egin nahi izan die Manchesterren (Ingalaterra) egin berri den Igeriketa Egokituko Munduko Txapelketan bina domina eskuratu duten igerilariei. Gainera, Sara Carrazelas igerilaria ere balkoian egongo da —Atlantako eta Pekingo Olinpiar Jokoetan hamar domina eskuratu zituen—. Egun, Aspace elkarteko kide da Carrazelas.

HITZAkide HITZAkide