Kanoikadarik inklusiboenak egin du eztanda
Aurretik udalak harrera egin die Nahia Zudaire eta Iñigo Llopis igerilariei. Bina domina eskuratu berri dituzte Munduko Txapelketan.
Aste Nagusiari ongietorria eman diote Aspace elkarteak eta Gipuzkoako Argazkilari Elkarteak Alderdi Eder plazan. Udalak “inoizko Aste Nagusi inklusiboena” iragarri zuen, eta kanoikadaren egunean garun paralisia duten pertsonek hartu dute protagonismoa, argazkilari elkartearekin batera. Asko izan dira Artillero kantatzeko aukera galdu izan nahi ez dutenak, eta goraino bete dute gonbidatuentzat prestaturiko oholtza.
Abestia amaitu ondoren, Elias Arruebarrenak eta Onintza Mokoroak kanoikada bota dute, eta horrekin batera lehertu da festa plazan bildutako jendearen artean. Datozen egunotako udalaren egitaraua hemen kontsulta daiteke.
Zudaireri eta Llopisi harrera
Kanoikadaren aurretik ere izan da albistea. Izan ere, 18:ooetan udalak harrera egin die Nahia Zudaire eta Iñigo Llopis igerilariei. Zudairek eta Llopisek bina domina eskuratu berri dituzte Manchesterren (Ingalaterra) Igeriketa Egokituko Munduko Txapelketan —Zudairek zilarrezko domina bat eta brontzezko beste bat, eta Llopisek urrezko bi—. Keinu horrekin, udalak “merezitako omenaldia” egin nahi izan die, eta kanoikada gainontzeko gonbidatuekin batera ikusteko aukera izan dute.