Igarotako bidearen kronologia bat

«Ez daukagu larria den ezer aipatu beharrik, eta nahiko nuke horrela izaten jarraitzea»

goia Eneko Goia alkateak Aste Nagusiak orain arte emandakoaren balorazioa egin du gosari jendetsuaren aurretik. (Argazkia: Donostiako Udala)

Aste Nagusiaren erdia pasatuta, jaietako ohiko gosaria egin dute Donostiako Udaletxean, eta Eneko Goia alkateak Aste Nagusiak orain arte emandakoaren balorazioa egin du. Orain arteko balantzea “bikaina” dela nabarmendu du Goiak: “Giro onean eta alaitasunez ospatzen ari diren jaiak dira”. Hain zuzen ere, azaldu du orain arte ez dutela eraso matxista bakar baten ere salaketarik jaso: “Hori da orain arteko albiste onena, eta gustatuko litzaidake horrela jarraitzea bukaerara arte”.

Bestelako delituei dagokienez, alkateak azaldu du orain arte 49 atxiloketa egin dituztela jaietan –horietako hamalau bart–, guztiak lapurreta eta ebasketa delituengatik: “Horrek erakusten du halako jokabideak existitzen direla, baina baita segurtasun dispositiboak funtzionatzen duela eta erantzun bat badagoela ere. Nahiago nuke halakorik ez gertatzea, baina gu papera betetzen ari gara. Nik uste dut denok eskatzen dugula halako portaerak pertsona beren partetik errepikatzen direnean ondorioak egon behar direla”.

Parte hartze handia

Goia pozik agertu da Aste Nagusiko parte hartzearekin: “Pandemia urteen ondoren, aurten bai, normaltasun osoz ospatzen ari diren jaiak izaten ari dira, parte hartze handiarekin. Kanoikadatik hasita, Aspaceren eta Gipuzkoako Argazkilari Elkartearen laguntzarekin eta baita Iñigo Llopis eta Nahia Zudaireren laguntzarekin ere, argi utziz denontzako jaiak izatea nahi dugula. Kontzertuek ere arrakasta handia izan dute orain arte, gustu guztientzako emanaldiekin. Disko festa ere arrakastatsua izaten ari da eta Txistularien Alardea ere bikaina izan zen”.

Bestalde, nabarmendu du su artifizialak direla “jende gehien erakartzen duen egitasmoa”, eta suak ere “arrakastaz” ari direla burutzen: “Ez daukagu larria den ezer aipatu beharrik, eta nahiko nuke horrela izaten jarraitzea. Uste dut oro har errespetuz jokatzen ari dela jendea, eta bizipoza dago hirian. Eskerrak eman nahi nizkieke jaiak posible egiten dituzten guztiei: Donostiako Festak erakundeari, boluntarioei, egitarauan parte hartzen duten elkarteei, enpresa laguntzaileei, suhiltzaileei, udaltzainei eta ertzainei”, gaineratu du alkateak.

Jarraian, gosariko hainbat argazki ikus ditzakezue:

HITZAkide HITZAkide