Maila handiko eskubaloia ikusi ahalko da egunotan Egian
28. Egiako Eskubaloi Txapelketaren aurkezpena, udaletxean. (Argazkia: Donostiako Udala) Donostiako Aste Nagusian, jaierako ez ezik, kirolerako lekua ere badago, eta horregatik egiten dute urteko Egiako Nazioarteko Eskubaloi Txapelketa Egiako kiroldegian; 28.ez egingo dute aurten, eta aurkezpena egin dute goizean udaletxean. Egia eskubaloi klubak antolatzen du txapelketa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren laguntzarekin.
Gaur bertan (hilak 16) hasiko da txapelketa, Bera Beraren eta Beti Onaken arteko partidarekin, 19:00etan: “Partida lehiatua eta zirraragarria izatea espero dugu”, nabarmendu dute klubekoek. Ostegunean, etxeko klubak hastear denboraldirako prest dituen bi talde nagusiak –gizonena eta emakumeena– aurkeztuko ditu: neskek San Adrianen aurka jokatuko dute (17:30) –Tolosaren aurka jokatzekoak ziren, baina azkenean ezin izan dute– eta mutilek Tolosaren aurka (19:30).
Ostiralean, Frantziako Ligako Limoges Handball taldea etorriko da, Anaitasunaren aurka jokatzeko (18:00). Ondoren, 20:00etan, Bidasoa eta Logroñoren arteko norgehiagoka ikusi ahalko da. Azkenik, larunbatean, hirugarren eta laugarren postuak jokatuko dituzte 18:00etan, eta final handia jokatuko dute 20:00etan. Eskubaloi zaleak zein zaleak ez direnak Egiara joatera gonbidatu dituzte antolatzaileek, “estatuko eskubaloi ikuskizun onenetakoa ikusi ahalko delako”.
Bestalde, klubeko ordezkariek azken zortzi urteotan Kiroletako zinegotzi izan den Martin Ibaberen (EAJ) lana aitortzeko eta eskertzeko aprobetxatu dute: “Iñaki Gabarain zinegotzi berriari [PSE-EE] listoia oso altu utzi dio, baina ziur maila horretan egongo dela bera ere”. Horrela, Gabarainek txapelketaren “tradizio” handia nabarmendu du, eta 30. urteurrenerako “zerbait berezia” prestatuko dutela esan du.

