Donostia Arraun Lagunakek liga eskuratzeko azken urratsa egin behar du
Asteburu honetan, Euskotren ligako azken bi jardunaldiak jokatuko dira Zarautzen, eta matematikoki erabakita ez dagoen arren, Donostia Arraun Lagunakeko neskek bigarren liga eskura dute. Azken bi estropada hauen faltan, Lugañeneko trainerua sailkapeneko lehen postuan dago, 80 punturekin, helburutik oso hurbil. Pasa den asteburuan, Galiziako bi estropadetan lortutako bigarren postuek taldeari indarra eman zioten, eta igandeko estropadan Oriori puntu gehiago atera zizkion. Oriotarrak bigarrenak dira sailkapenean (6 puntu gutxiagorekin), eta oso zaila dute Euskotren liga irabaztea. Donostiarrak, ordea, hirugarren postua eskura du, eta orain arte irabazitako lau banderekin denboraldiaren balantze positiboa egin dute. Liga matematikoki galduta dutenez, hurrengo helburua Kontxako Bandera izango da.
Eusko Label ligari dagokionez, Urdaibai, Hondarribia eta Zierbena goiko postuetan daude, eta haien arteko aldea aurreko estropadetan asko murriztu zen. 140 puntu eskuratuta Urdaibaik lidergoan jarraitzen duen arren, Hondarribia eta Zierbena hiru eta lau puntura daude, hurrenez hurren. Laugarren postuan, Donostiarra dago, eta liga bukatzeko sei estropadaren faltan, nahiko finkatuta du postu hori 108 puntu lortuta, Oriok baino hamahiru gehiago. Ohorezko txanda horretan jarraitzea izango da Bantxako arraunlarien helburua liga amaitu arte.
Realak Celta hartuko du Anoetan
Bestalde, futboleko gizonezkoen ligako bigarren jardunaldia gaur bertan hasi bada ere, Realak bihar jokatuko du bigarrenez bere publikoaren aurrean, 17:00etan. Kasu honetan, Celtaren aurka arituko da eta denboraldiko lehen garaipenaren bila zelairatuko da. Pasa den asteburuan lortutako berdinketak zapore gazi gozoa utzi zuen zaleen artean. Hori dela eta, Alguacilek partidaren aurreko prentsaurrekoan adierazi duenez, helburua hiru puntuak lortzea izango da. Partida honetarako, entrenatzaile oriotarrak ezingo ditu Merino, Aritz, Andre Silva eta Olasagasti zelairatu, lesionatuta baitaude.