Iaz baino lau tona zabor gutxiago jaso dituzte Aste Nagusian
Aste Nagusia amaituta, garbiketa zerbitzuek jaietako astean zehar kendutako hondakinen bolumena jaitsi dela baieztatu dute. Aste honetan zehar, 112 tona bildu dituzte bide publikoan. Hain zuzen, Carlos Garcia Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zinegotziak adierazi duenez, iaz baino lau tona eta erdi hondakin gutxiago jaso dituzte, %3,77 gutxiago. Bide publikoan hondakinen kopurua jaitsi bada ere, hondartzetan jasotako hondakin kopurua igo egin da. Ondarretan eta Kontxan %1,64 hazi dira, 9.280 kilo guztira. Zurriola izan da hondakin gehien jaso duten hondartza, gehienbat bertan pilatu den alga kopuru handiagatik.
Kaian eta Abordatzean jasotako egur kopurua %12 inguru hazi da, eta 6.600 kilo kendu behar izan dituzte (iaz, 5.860 kilo kendu zituzten). Plastikoek, berriz, nabarmen egin dute behera aurtengo Abordatzean, eta 580 kilo kendu zituzten. Lasta eremuko komunetan ere, eguneroko garbiketa berezia egin dute, eta guztira desodorizatzaile bakteriziden hamar litroko 40 bidoi erabili dituzte.
Hiria txukun eta garbi mantentzeko 128 langilek parte hartu dute garbiketa dispositiboan, kamioi gidarien eta garbiketarako erabilitako makinen, peoien eta zerbitzu berezietako langileen artean. Aste Nagusian zehar, mota guztietako 56 ibilgailu erabili dituzte garbiketarako.