Mundu mailako bost estreinaldi izango ditu Zinemaldiko Made in Spain sailak
Itsaso Aranaren 'Las chicas estan bien' filmeko fotograma bat. Hemeretzi film luzez osatuta egongo da Made in Spain, Zinemaldiko sail ez-lehiazkoa, urteko film espainiarren hautaketa bat biltzen duena. 71. edizioan bost film mundu mailako estreinaldi gisa emango dira; gainerakoak, ordea, aurretik nazioarteko beste zinema jaialdi batzuetatik igarotakoak ala estreinatu berriak dira.
Alvaro Longoriak (Santander, Espainia, 1968) −Hijos de las nubes, la última colonia (Made in Spain, 2012) dokumentalarengatik Goya sari bat irabazi zuen zuzendari eta ekoizleak− emango dio amaiera sailari; zehazki, mundu mailako estreinaldi gisa emango da Zinemaldian La vida de Brianeitor, ezgaitasun fisikoa izanda ere modako gamerrik handienetako bat bihurtu den gazte bati buruzkoa.
Film laburrak zuzendu ondoren −horietako batek, Estocolmo (2010) izenekoak, Nesten parte hartu zuen−, Juan Francisco Viruegak (Almeria, Espainia, 1982) Amanece film luzea aurkeztuko du, bere lehen film luzea, Donostian programatua mundu mailako estreinaldi gisa. Filmaren protagonistak bi ahizpa dira, eta gaixorik duten amari lagun egin bitartean bizitako gorabeherak kontatzen dizkigu filmak.
Asedio Miguel Angel Vivasen (Sevilla, Espainia, 1974) thriller bat da, Malagako Jaialdian lehiaketaz kanpo estreinatua. Secuestrados (2010), Inside (2016) eta Tu hijo (2018) filmak zuzendu ondoren, film berri honek Natalia de Molina, Francisco Reyes eta Alejandro Casaseca aktoreak ditu protagonista, besteak beste.
Malena Alterio, Alexandra Jimenez, Fele Martinez, Antonio Pagudo, Eva Ugarte eta Juan Carlos Vellido dira Bajo terapia / Under Therapy filmeko protagonistak. Gerardo Herrero zinemagilearen (Madril, Espainia, 1953) azken lanak Epaimahaiaren Sari Berezia lortu zuen Malagan talde terapiara doazen hiru bikoteri buruzko film honengatik.
Creatura, proiektu fasean zegoela Ikusmira Berriak egonaldi programatik igaro zena, Cannesko Quinzaine del cinéastes atalean estreinatu zen, non Europako film onenaren Europa Cinemas saria lortu zuen. Zuzendaria, Elena Martin Gimeno (Bartzelona, Herrialde Katalanak, 1992), bere gorputzarekin adiskidetu nahi duen gazte batengana hurbiltzen da.
Juan Gonzalezek (Oviedo, Asturias, 1991) eta Fernando Martinezek (Bartzelona, Herrialde Katalanak, 1991) osatzen duten Burnin’ Percebes kolektiboak El fantástico caso del Golem / The Fantastic Golem Affairs aurkeztuko du; film laberintiko honetan, Brays Efe, Bruna Cusi, Javier Botet, Anna Castillo, Luis Tosar eta Roberto Alamo aktoreak dira nabarmentzekoak. Malagako Jaialdian estreinatu zen Ikea 2 (2016) eta La reina de los lagartos (2020) filmen arduradunen lan berria.
Halaber, Els encantats filma ere Malagako Sail Ofizialean jaso zen eta gidoi onenaren Zilarrezko Biznaga irabazi zuen hor; Laia Marull da filmaren protagonista, eta alabaren absentziari lehendabizikoz aurre egin beharko dion emakume baten rola egiten du. Elena Trapéren (Bartzelona, Herrialde Katalanak, 1976) bigarren filma da.
Málagako Jaialdiak emanaldi berezi bat programatu zuen Hay una puerta ahí estreinatzeko; ez-fikzio horren zuzendariak Juan (Montevideo, Uruguai, 1985) eta Facundo Ponce de Leon (Montevideo, Uruguai, 1978) dira; bi gizonen arteko adiskidetasuna deskribatzen digu filmak, batek besteari hiltzen laguntzen diolarik.
Made in Spainek Hormigas perplejas / Perplexed Ants filmaren mundu mailako estreinaldia ere hartuko du; euren industriaren erorketari aurre egiten saiatuko diren langileen giza paisaia marrazten du filmak. Mercedes Moncada Rodriguezen (Sevilla, Espainia, 1972) ez-fikziozko azken lana da.
Málagako Jaialdiko emanaldi berezi batean aurkeztua, La memoria del cine: una película sobre Fernando Mendez-Leite / The Memory of Cinema: A Film about Fernando Mendez-Leite Moises Salamak (Melilla, Espainia, 1953) zuzendutako dokumentala da; gaur egun Espainiako Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiako presidente den kritikari eta errealizatzaile horri buruzkoa da.
Tesalonikako Zinema Dokumentalaren Jaialdian estreinatu zen Paloma Zapataren (Murtzia, Espainia, 1979) La Singla. 17 urterekin flamenkoaren mundua irauli baina 30 urte bete aurretik agertokietatik modu misteriotsuan desagertu zen dantzari bati arrastoa jarraitzen dio.
Las chicas están bien / The Girls Are Alright, Karlovy Varyko Jaialdian lehiatu zen filma, Itsaso Aranak (Tafalla, Euskal Herria, 1985) zuzendutako lehen filma da. Zuzendari gisa estreinatu duen film honetan, antzezle gisa ere parte hartuko du Aranak. Barbara Lennie eta Irene Escolar nabarmentzen dira aktoreen zerrendan, eta landetxe batean antzezlan bat entseatzeko bilduko diren emakume talde baten rola egin dute.
Alvaro Gago (Vigo, Galizia, 1986) izen bereko bere film laburrean oinarritu da Matria film luzea zuzentzeko. Gagoren lehen film luzea Berlinaleko Panorama sailean estreinatu zen, eta emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Biznaga irabazi zuen Malagan. Maria Vazquezek Galiziako herri batean bizi den eta testuinguru pertsonal eta laneko testuinguru korapilatsu batean murgilduta dagoen emakume baten rola egin du.
Claudia Pinto Emperadorrek (Caracas, Venezuela, 1977) Mientras seas tú / While You’re Still You aurkeztuko du estreinako aldiz; Carme Elias aktoreari Alzheimerra diagnostikatu ondoren gertutik jarraituko dio filmak.
Diego Llorentek (Pola de Siero, Espainia, 1984) Rotterdameko Jaialdian parte hartu zuen bere hirugarren lan Notas sobre un verano filmarekin; filmean, neska gazte protagonista Gijonera itzuliko da uda igarotzera eta familiarekin, lagunekin eta aspaldiko maitasunekin egingo du topo berriz.
Santiago Auseron musikaria Kubara itzuliko da Juanma Betancorten (Santa Cruz Tenerifekoa, Espainia, 1975) Semilla del son / Seed of Son dokumentalean, mundu mailako estreinaldi gisa programatuta. Radio Futurako lider ohia, gaur egun Juan Perro ezizenarekin ezaguna eta musikologo ospetsua, erritmo afrikar-karibetarren bidean egindako soinuzko road movie honen protagonista da, eta interprete kubatar ugarik ere parte hartu dute.
Sica, Malagako Jaialdian lehiatu aurretik Berlinaleko Generation 14plus sailean aurkeztua, Carla Subiranaren (Bartzelona, Herrialde Katalanak, 1972) film luzea da. Costa da Morten aita arrantzalea galdu zuen nerabe baten istorioa kontatzen digu zinemagileak Sican.
Kirol kazetaritzan eskarmentu handia duten Jesus Muñozek (Bartzelona, Herrialde Katalanak, 1971), Xavi Torresek (Bartzelona, Herrialde Katalanak, 1967) eta Santi Padrok (Bartzelona, Herrialde Katalanak, 1961) Malagako Jaialdiko emanaldi berezietan estreinatutako film hau elkarrekin zuzendu dute. Unzué. L’últim equip del Juancar / Unzué. El último equipo de Juancar Juan Carlos Unzue Barçako entrenatzaile eta atezain ohiaren eguneroko bizitzaren deskribapena da, alboko esklerosi amiotrofikoaz diagnostikatua izan ondoren.
Alberto Ammannek gizonezko aktore onenaren Zilarrezko Biznaga irabazi zuen Malagako Jaialdian Alejandro Rojas (Caracas, Venezuela, 1976) eta Juan Sebastian Vasquez (Caracas, Venezuela, 1981) zinemagileen Upon Entry filmean egindako lanagatik (zinemagileen lehen lana da). Ammannek eta Bruna Cusik New Yorkeko aireportuko immigrazio gunean sartu eta atxikitako bi senar-emazteren rola egin dute film honetan.


