Porrontxo jaietan futbol txapelketa bat antolatzeko baimena ukatu dio aldundiak Kostkasi
Egiako Porrontxo jaietako igandean haurrentzako futbol txapelketa bat antolatu nahi zuen Kostkas Kirol Elkarteak, baina klubeko kide Jokin Martinezek salatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak ez diela baimenik eman: “Urte asko ziren Porrontxo jaietan klubaren izenean parte hartzen ez genuela, eta aurten zerbait antolatu nahi genuen. Jai batzordearekin hitz egin genuen, eta haurrentzako futbol txapelketa bat antolatu nahi genuen Matigoxotegin, jaietako iganderako [hilak 17]. Dena itxita geneukan, kartela prest eta guzti, baina Gipuzkoako Foru Aldundiari baimena eskatu behar izan genion, eta ezeztatu egin digute”.
Matigoxotegi futbol zelaia udalaren jabetzakoa da, baina eskola kirola Gipuzkoako Aldundiak kudeatzen du, eta 12 urtetik beherakoentzako txapelketa bat zenez, aldundiari eskatu behar izan diote baimena: “Badirudi ezetz, baina futbolean oso mugatuta daude: egunerokoan baimenak eskatu behar ditugu edozertarako eta txapelketak antolatzeko baita ere. Eta, ohiko epeez kanpo antolatu nahi diren txapelketentzako baimenak normalean ez dituzte ematen, eta hori izan da eman diguten arrazoia, hain justu”.
Ordea, Kostkasekoak nabarmendu du ez dela gauza bera klub batek ohiko txapelketa bat antolatzea edo jai herrikoi batzuen barruko txapelketa bat antolatzea: “Jaietakoa ez da dirua irabazteko, haurren aisialdirako jarduera bat da, besterik gabe. Uste dugu hori kontuan izan beharko luketela aldundian. Kolpe oso latza izan da”.