Zer dute jokoan donostiarrek azaroaren 29an?

Saskibaloi eta futbol txapelketekin datoz Txomiñeneko jaiak

Txomiñenen dena prest dute datorren ostiralean txupinazoa bota eta jai giroan murgiltzeko. Hiru eguneko egitarau zabala prestatu dute, hainbat berritasunekin.

Txomi_eneko_jaiak_2022 2022ko Txomiñeneko jaiak. (Argazkia: Lanberri auzo elkartea)

Jai laburrak antolatzen dituzte Txomiñenean, hiru egunekoak, baina horrek ez du esan nahi antolaketa erraza denik, jai batzordeko kide Amaia Carrerak azaldu duenez: «Antolaketa, beti bezala, luzea izan da, baina horrek ez digu ilusioa kentzen. Iazko jaiak bukatu eta gero egun guztien balorazioa egiten dugu, eta gustatu zaiguna errepikatzen dugu; beraz jarduera horiek lehenbailehen lotzen saiatzen gara».

Horrela, urtero arrakasta izan ohi duten jarduerak ez dira faltatuko aurtengo jaietan: «Mikeltxi DJ-a, haur parkeak, Maitasunaren Tonbola, patata tortilla lehiaketa, mus txapelketa, ping-pong txapelketa, toka eta txalupa txapelketa, eta abar», Carreraren hitzetan.

Berritasun ugari

Ohiko jarduera arrakastatsuez gain, zenbait berritasun ere prestatu dituzte, bereziki, kirol arloan: «Lehen aldiz, saskibaloiko 3×3 txapelketa antolatu dugu, 10 eta 15 urte arteko haurrentzat. Antolatu ahal izan dugu, Basket Kalea taldeko Ramuntxo eta Vitoren laguntzari esker. Bestalde, ilusioz beterik gaude, baita ere, 8 eta 14 urte arteko umeentzako futbol 5 modalitateko txapelketarekin, eta 8 urtetik beherakoek, amarekin edo aitarekin batera, larunbaterako prest dagoen Futbol Familian txapelketa txikian parte hartu ahal izango dute, 11:00etan».

Bestalde, aurpegi margotzeak ingelesez egingo dituztela nabarmendu du jai batzordekoak, Kids & Us akademiaren eskutik. Era berean, adin guztietako auzotarrentzako jarduerak prestatu dituztela azaldu du: «Umeentzako jolasak eta jarduerak izango ditugu larunbat goizean, Anersote DJ 15 urteko gaztea zumaiarraren musikarekin girotuta. Eta, igandean, erretiratuentzako pintxo-potearekin batera, Ibai Berriaken rantxerekin dibertituko gara».

Musika eskaintzari dagokionez, Carrerak nabarmendu du DJ-en aldeko apustu argia egiten dutela Txomiñenean: «Mikeltxi, Anersote eta Franxesk DJ-ak ekarriko ditugu aurten». Hala ere, bestelakorik ere izango da, aipatu rantxerez gain, El Callejon del Gato rock taldeak joko baitu larunbat arratsaldean.

Jarduera horiekin guztiekin, jaiak iristeko irrikitan daude jai batzordeko kideak zein auzoko bizilagunak, eta Carrerak nabarmendu du urteroko «giro osasuntsua» izatea espero dutela. «Jendeari eskatzen diogu Txomin Power bilatzeko eta sentitzeko, horrela jai ikaragarriak edukiko dituztelako», gaineratu du.

Jaietako egitarau osoa hemen ikus dezakezue.

HITZAkide HITZAkide